Beasainen aurkeztu den txapelketako final handia Antzizar kiroldegian jokatuko da ekainaren 2an

Bertso-pilota txapelketa honetan hiru emakumez osatutako lau talde lehiatuko dira lau terdian eta binaka, eta talde bakoitzeko botilleroa bertsolari bat izango da

Kirolak, bertsolaritzak eta berdintasunak bat egingo dute Beasaingo Udalak babestutako ekimen honetan

Kirola, kultura eta berdintasuna uztartuko ditu bertsoa eta pilota batzen dituen Udaberri torneoak. Sei jaialdik osatuko dute txapelketa hau. Finala Beasaingo Antzizar kiroldegian jokatuko da ekainaren 2an eta Igartzako jauregian egindako aurkezpenean Ados pilota enpresako ordezkariez gain, txapelketan parte hartuko duten pilotariak, bertsolariak eta Beasaingo Udalaren izenean Leire Artola alkatea eta Elena Ruiz kirol zinegotzia izan dira azalpenak ematen. 

Udaberri torneoaren finala Beasainen jokatzeak hainbat helburu betetzen dituela adierazi du Leire Artola alkateak. “Udalak bertako kirolak sustatzeko duen konpromisoarekin bat dator, esku pilota gure nortasunari lotutako kirola baita eta era berean berdintasun irizpideei jarraituz gizonezkoen pilota jaialdien antzera emakumezkoenak ere antolatu eta sustatzeko konpromisoa hartu du honela udal gobernuak”. Berdintasunaren aldeko bidea denok elkarrekin egin behar dugula normaltasunez erantsi du alkateak. Bertsolariak eta bertsolaritza kirolari batzeak, hain geurea den kirolari kultur osagarri bat gehituko zaio eta bitxia dirudien arren, balio erantsia emango dio iritzi du alkateak. 

Pilotariak bertsolarien esanetara

Euskal Herriko emakume pilotaririk onenak aurrez aurre izango dira Udaberri torneoan. Hauen artean Maite Mujika beasaindar jatorria duena. Lau taldetan banatuak izango dira 12 pilotariak; talde bakoitzean 3 pilotari eta bertsolariak botillero lanak egingo ditu. Liga fasean talde guztiak elkarren aurka arituko dira, guztira sei jaialdi burutuko dira ondorengo herrietan: Altsasu (maiatzak 5), Itziar (maiatzak 14), Azpeitia (maiatzak 14), Ataun (maiatzak 19), Zubieta (maiatzak 20) eta Zumaian (maiatzak 27). Jaialdian lau terdiko buruz buruko partidu bat eta binakako beste bat jokatuko da eta bi puntu banatuko dira jaialdiko. Liga fasea amaitzean puntu gehien batu dituzten bi taldeak final handia jokatuko dute Beasaingo Antzizar kiroldegian ekainaren 2an.

Lau taldeak honela daude izendatuta eta osatuta: Eguzkiloreak taldean pilotariak Zabala, Ruiz de Larramendi eta Arrieta eta botillero Angel Mari Peñagarikano. Mitxoletak taldean, Barrokal; Mujika eta Aldaregia eta botillero Nerea Elustondo. Kukuprakak taldean, Iturriaga, Agirre eta Orbegozo pilotariak eta Aitor Sarriegi botillero. Eta Bitxiloreak taldean, Etxebeste, Etxekolonea eta Ruiz de Infante pilotariak Maialen Akizu bertsolariak gidatuko ditu botillero lanak eginez. Botilleroek erabakiko dute zein pilotarik jokatuko duten lau terdian eta zein binaka.