Erauskin plazan egingo da erakustaldia eta atletismoa pistetatik kalera ateratzeko helburua betez, modalitate honen erakustaldia eskainiko da Euskadiko kirolari esanguratsuenen parte hartzearekin

Beasainen Atletismo federatuaren eta eskolakoaren garapena bideratzea eta sustatzea du helburu ekimen honek eta Beasaingo Udalak Txindoki Atletismo Taldearekin duen hitzarmenaren baitan kokatzen da erakustaldi hau

Atletismoa bereziki haurren artean sustatu eta indartzeko asmoz, eskualde mailako Txindoki Atletismo Elkartearekin duen hitzarmenari esker pertika jauziaren erakustaldia eskainiko da larunbat honetan Beasaingo Erauskin plazan. Bertan egindako aurkezpenean Beasaingo Udalaren izenean alkateak eta Txindoki Atletismo Taldea ordezkatuz Eneko Agirrezabal presidenteak, Beasainen egingo den erakustaldia  aurkeztu dute.

Txindoki Atletismo Taldeko Eneko Agirrezabalek egitaraua eta erakustaldiaren inguruko xehetasunak eman ditu. Larunbat honetan, apirilaren 29an arratsaldeko 18:00etan emango zaio hasiera ekitaldiari. Erauskin plaza pertika jauzia egiteko egokitu da beharrezkoak diren elementuekin; arkua, langa, pertika iltzatzeko kajetina eta koltxoneta. Erakustaldiko pdf partaidetza (174 KB) egun Euskal Herrian dauden atleta onenetarikoek osatzen dute. Guztira hamar atleta izango dira, hiru mutil eta zazpi neska. Estatu mailako txapelketetan gorenean dabiltzanak dira, tartean maila gaztean txapeldunak. Real Sociedad taldetik, Ander Martinez de Rituerto (5,30 m bere marka onena), Asier Añorga Fernandez eta Getary Gonzalez Narbarte. Bidasoa Atletiko taldetik, Mario Estanga Lasa eta Malen Orduña Enparantza. Atletiko San Sebastianetik, Ane Castillo Lorente. Pamplona taldetik, Alaine Hernandez Mariezkurrena. La Blanca taldetik, Sofia Granja de Zuasnabar. Eta Txindoki AT-tik, Maddi Mendizabal eta Elorri Garcia. 

Leire Artolak honelako ekitaldiekin bereziki haurrengana eta publikoari oro har iristeko helburua azpimarratu du. “Kirolaren onurak zein diren jakinak izanik, atletismoaren aldeko aukera eta sustapenean eragin nahi da batez ere gaztetxoen artean” azpimarratu du; “Kirol mota honekin haur eta gazteei aukera bat gehiago eman nahi zaie kirol jardueran murgiltzeko” erantsiz. Aurreko erakustaldia 2018an izan zen Bideluze plazan. Orduan beste modalitate batzuen erakustaldia izan zen. 

Erauskin plaza ekitaldirako egokitua

Oraingoan pertika jauzia izango da eta horretarako Erauskin plazaren eraberritzea egin zenean kontuan hartu zen lurzoruan hutsune bat prestatuta edukitzea erakustaldi hau egiten zenerako. Izan ere pertika jauziak, pertikarekin bultzada hartu ahal izateko kajetina behar duela eta honentzako tokia prestatuta uztea aurreikusi zen. 

Beasaingo bigarren atletismo erakustaldia Beasaingo Udalak Txindoki ATrekin duen hitzarmenaren baitan kokatzen da. Konpromisoen artean atletismo erakustaldia Beasainen burutzea adostu zuten bi aldeek. Helburu nagusia Beasainen Atletismo federatuaren eta eskolakoaren garapena bideratzea da. Hitzarmenaren barruan ere urtero Ordizian antolatzen den Atletismo mitin edo topaketan, atletismo proba batek “Beasain saria” izena eramatea ere hitzartu zen. Atletismo erakustaldia hiru urtean behin egingo da Beasainen.