Gipuzkoako txapelketa ere izango da lehen txapelketa hau. Beste bi jardunaldiak urrian eta abenduan jokatuko dira, azken hau finala izango da

Udalak kirola egitearen garrantzia eta arte martzialek osasunean eragiten duten onura kontuan hartuta babestu eta lagundu du txapelketa

Beasaingo Udalaren babesarekin datorren larunbatean burutuko da Beasain Wushu-Kungfu Ligako lehen txapelketa. Liga hiru jardunalditan edo lehiaketa-egun ezberdinetan banatutako egongo da eta lehena datorren larunbatean Antzizar kiroldegian burutuko da. Goizeko bederatzi t'erdietan hasi eta arratsaldeko ordubiak bitartean luzatuko da Wushu-Kungfu modalitate ezberdinen lehiaketa. 

Lorea WKF Beasain elkarteak, Udalaren babesarekin antolatutako Liga honek, udalerrian arte martzialen praktika bultzatu eta zabaltzea due helburu. Hala adierazi du aurkezpenean Beasaingo alkateak Leire Artolak. “Kirola egitearen garrantzia behin eta berriz azpimarratu dugu, osasunaren alde egitea bait da eta hori udal gobernuaren helburu estrategiko nagusietako bat da” esan du alkateak. “Osasuna ongizatea da eta horretaz guztiok jabetu behar gara”. Haur, gazte zein helduak egin dezaketen kirola da arte martzialena erantsi du alkateak aurkezpenean mahaikide izan dituen Txema Jimenez, txapelketako antolatzailea eta Izaro Gerique eta Maria Izquierdo kirolarien aurrean. 

Bi emakume hauek berriki jokatu diren Espainiako txapelketetan hiru urrezko domina lortu dituzte bakoitzak borrokarik gabeko arte martzialen atalean. Biek ala biek euren esperientzia azaldu dute kirol honetan eta pertsonen osasun fisiko zein mentalean dituen onurak azpimarratu dituzte, oso aberatsa bait da gorputzarentzat. Valentzian jokatu zen txapelketan lortutako dominen esperientzia ere azaldu dute eta adinik ez duen modalitatea ere badela nabarmendu dute: Izaro junior mailan lehiatu da eta María aldiz 42 urterekin helduenean.   

Txema Jimenezek bere aldetik, ekimenari buruzko xehetasunak eman ditu. Lehen txapelketa larunbatean jokatuko bada ere urrian beste jardunaldi bat egongo da eta abenduan finalak jokatuko direla zehaztu du. Hartara, finaletara iristeko puntuak batu beharko dituzte lehiakideek. Wushu-Kungfun dauden modalitateak anitzak direla azaldu du. Borrokan kontaktua zuzena izaten da baina borrokarik ez denetan ariketak eta konzentrazioa behar beharrezkoa izaten da. Larunbat honetan 70-80 pertsonek parte hartuko dute ligako lehen txapelketan eta Gipuzkoako txapelketa ere izango dela aurreratu du. Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoako hainbat herrietatik etorriko dira partaideak. Boxeo erakustaldia ere izango da. 

Beasain Liga, pandemia iritsi aurretik egiteko asmoa zuten baina bi urteko geldialdiak proiektua hobetu eta garatzeko aukera eman die antolatzaileei. Erronka oso positiboa izan dela azaldu du Txema Jimenezek eta kirol honek dakartzan onurak herritarrei ezagutarazteko balio izango duela espero du.  

Beasain Liga Wushu kungfu aurkezpena 20220627 2