Beasaingo eta Ordiziako Udalek, Antzizar eta Majori kiroldegietako bazkideei Mugiment Kirol Txartela programan dauden EAEgoko beste udalerrietako kirol instalazioetan ere kirola egiteko aukera emango die 

Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Beasaingo eta Ordiziako Udalak, Mugiment Kirol Txartelaren proiektura atxikitu dira. Hori horrela, programa honek eskaintzen duen abantaila aprobetxatuz, bi udalerrietako kiroldegietako bazkide direnek, Ordizia eta Beasaingo kirol instalakuntzak erabili ahal izango dituzte kostu gehigarririk gabe. Alegia, Beasaingo bazkideek Majori-Altamira kiroldegiko instalazioetaz gozatzeko aukera izango dute, eta Ordiziakoek Antzizargoaz. 

Hain zuzen ere, bi udalerriek erabaki dute proiektu honi esker astean zehar goizez ondoko herriko instalazioetara joateko aukera eskaintzea, goizeko 7:00etatik 16:00etara, eta asteburuetan arratsaldez, 16:00etatik kiroldegia itxi arte. Halaber, Mugiment Kirol Txartelaren programari atxikita dauden Euskal Autonomia Erkidegoko beste udalerrietako kiroldegi zerbitzuak ere modu berean erabili ahal izango dituzte. 

Ekimen honen helburua, kirolaren praktika sustatzea da, edonon gaudela ere, bazkideari gainkostu bat suposatu gabe. Hori da Beasain eta Ordiziako Udalak Mugiment kirol txartela ekimenera atxikitzearen arrazoia. Programa honen barruan aurkitzen diren udalerrietako kirol instalazioak, Mugiment kirol txartela  aktibatuta duten bazkideek erabili ahal izango dituzte. 

Beasain eta Ordiziako bazkideentzako eskaintza berri hau urtarrilean jarri da martxan. Zerbitzu berri honen eskaintzaren aurkezpena Goiekiren (Goierriko Garapen Agentzia) egoitzan egin dute Beasaingo alkateak Leire Artolak, Ordiziako kirol zinegotziak Jon Ander Caballerok eta Jon Redondok, Eusko Jaurlaritzako Jarduera fisikoaren eta kirolaren zuzendariak.  

Kirol txartel birtuala

Mugiment Kirol Txartela, doako “txartel birtual” bat da, programari atxikitutako beste udalerri baten instalazio eta zerbitzuak erabiltzera baimentzen duen txartela hain zuzen ere. Udalerri bakoitzeko abonatuak beste udaletako kirol instalazioetara sartu ahalko dira, gastu gehigarririk gabe, udal bakoitzak ezarritako erabilgarritasunaren arabera. Txartel birtuala denez, telefono mugikorrerako aplikazioa jaitsi beharko da besterik gabe. 

Behin Mugiment Kirol Txartela aplikazioa telefono mugikorrean instalatuta, erregistratu egin behar da erabiltzailea bere datu pertsonalak sartuz eta abonatua den udalerriko instalazioaren izena adieraziz. Honela NAN eta telefono mugikorreko aplikazioa erakutsiz programaren barruan atxikita dauden udalerrietako kirol instalakuntzak erabili ahalko dira. Ekimen honen bidez, baliabide publikoen kudeaketa hobetu nahi da, herritarrei kirol-eskaintza handiagoa eskaintzearekin batera.

Mugiment Kirol txartela, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako proiektu bat da, atxikitako udalerriekin batera. Gaur egun EAEn, Mugiment kirol txartela 115 kirol instalaziotan erabil daiteke, kiroldegiak, frontoiak eta igerilekuak barne.

mugiment txartela aurkezpena 20220124 4

mugiment txartela aurkezpena 7