Emakumezkoen 2 ligako Euskal Koparen hiruko txapelketa jokatuko da Antzizar kiroldegian irailaren 17, 18 eta 19an

Udalak, Federazioek eta BKLk parekidetasuna kirolean aldarrikatu dute eta bidenabar neskak kirol honetara erakartzeko aprobetxatu dute aukera hau 

Datorren asteburuan Beasaingo Antzizar kiroldegiak hiru egunetan hartuko du emakumezkoen 2 ligako Euskal Kopa. Antzizar kiroldegiko kantxa eraberrituan egindako aurkezpenean txapelketa honen berri eman dute ekitaldi hau elkarlanean antolatu duten erakundeetako ordezkariek; Beasaingo Udalaren izenean Leire Artola alkatea, BKL saskibaloi elkarteko presidentea Jose Mari Arrospide, Euskal Saskibaloi Federazioko presidentea Luis Mari Sautu eta Gipuzkoako Saskibaloi Federazioko presidentea Ainhoa Ibarburu.  

Hiruko txapelketa honetan parte hartuko duten taldeak, Barakaldo emakumeen saskibaloi taldea, Galdakaoko Ibaizabal eta Azpeitia Azkoitia ISB Iraurgi izango dira. Ostiraletik igandera hirurak elkarren aurka jokatuko dute Antzizar kiroldegiko kantxa eraberrituan. Partiden egun eta ordutegiak hauek izango dira: ostiralean 19:00etan, Iraurgi-Barakaldo. Larunbatean 18:00etan, Barakaldo-Ibaizabal eta igandean 18:00etan, Ibaizabal-Iraurgi. 

Antolatzaileek azaldu dutenez, litekeena da larunbatean txapelduna nor den erabakita egotea Barakaldok lehen bi partiduak irabaziko balitu. Osterantzean, igandera arte itxaron beharko da kopa nork altxatuko duen jakiteko. 

Emakumeak kirolean

Aurkezpean Leire Artola alkateak Udalaren aldetik, ekitaldi hau Beasainen burutzeak suposatzen duena azaldu du. “Udalak gizarte parekideagoa eraikitzeko pausoak eta ekimenak burutzeko duen interes berezia honelako ekitaldietan isladatzen da. Hain zuzen ere, pertsona orok kirolean aritzeko duen eskubide bera balioan jarriz, emakumezkoen kirola bistarazi nahi da, ikusgarri bihurtu. Orain emakumezkoen saskibaloia da Euskal Koparekin Beasainera ekarri duguna baina beste kirolekin ere berdin gertatu da eta hala izaten jarraituko du, esaterako San Silbestre lasterketan sarien parekatzea, pelotan 2020an binakako emakumezkoen master cup txapelketa, futbolean berriki abuztuan jokatu den Euskal Herria kopako finalaurrea Reala eta Alavesen artean, txirrindularitzan emakumezkoen Espainiako kopa lasterketa, I. Igartza saria izendatua edota herri kiroletan urtero urrezko aizkolarien txapelketan emakumezko harrijasotzaile eta aizkolarien partea hartzea”. 

Horretaz gain, alkateak Antzizar kiroldegiko kantxaren zoladura berriak instalakuntzaren hobekuntzan izan duen eragina azpimarratu du. “Kalitatezko eta goi mailako azpiegitura honen garrantzia erabakiorra ere izan da maila honetako ekitaldi bat Beasainen burutu dadin” gaineratu du. 

Kalitate goreneko instalakuntza

Joxe Mari Arrospide BKL-ko presidenteak bere aldetik Udala eta Federazioari eskerrak eman dizkie: “Udalari saskibaloiaren alde egiten duen apustuagatik; kantxaren zoladura berriak kirol hau praktikatzeko baliabideak hobetzeaz gain, goi mailako instalakuntza honekin Beasain erreferente bihurtu bait da. Goi mailako taldeek agertu dute eta hemen jokatu eta entrenatzeko interesa. Federazioarentzat hala izan da eta pozez eta esker onez jaso genuen emakumezkoen Euskal Kopa bertan jokatzeko proposamena”. Arrospidek emakumezkoen saskibaloia ikustarazteak duen garrantzia azpimarratu du eta ekitaldi honek Beasaingo neskak saskibaloira erakartzeko balio izatea espero duela gaineratu du. 

Federazioaren aldetik Luis Mari Sautuk, txapelketan parte hartu behar duten hiru taldeen maila eta lehiakortasuna nabarmendu zuen. Emakumezkoen saskibaloiak bizi duen egoera ona azpimarratu zuen era berean eta hiru talde hauen kasuan denboraldi honetarako duten irrika eta gosea. Euskal Federaziotik une hau aprobetxatu nahi dute emakumezkoen parte hartze kopurua handitzeko, bai jokalarietan eta baita beste arloetan; hala nola entrenatzaileetan, zuzendaritzetan eta federazioko karguetan. 

Gipuzkoako Federazioko Ainhoa Ibarburuk bere aldetik pozik agertu zen txapelketa hau Beasainen antolatu izana. Emakumezkoen saskibaloia sustatu eta bultzatzeko baliagarria izango dela ziur agertu zen. Pandemiaren eraginez emakume federatuen kopurua jaitsi dela ere aipatu zuen eta egoera normaltzearekin bat lehengo kopuruetara itzultzeko itxaropena azaldu zuen, emakumeak kirolean murgiltzea baita helburu nagusia.

Federazioetako bi presidenteek Udalari eta BKLri esker ona adierazi zieten txapelketa hau antolatzkeo egindako lanagatik eta aforo mugatuarekin bada ere asteburuan ikusleak Antzizarrera etortzeko deia luzatu zuten. 

emakum saskib euskal kopa aurkez 20210913 6 web emakum saskib euskal kopa aurkez 20210913 5 web