Beasaingo Udala eta Euskadi Fundazioari esker txirrinduaren erabilera eta afizioa bultzatzen duen festa iritsiko da Beasainera

Bi ibilbide ezberdin antolatu dira, haurrentzat eta helduentzat eta Fundazioaren azpiegituraren atal bat erakusteaz gain material zozketa, musika eta animazioa izango dira

Kirola eta honi lotuta bizimodu osasuntsua eta oinarrizko balioak sustatzeko helburuari tinko eusten dio Udalak eta hori horrela festa eta kirola uztartzen dituen hitzordu berri bat antolatu da udalerrian. Beasaingo Udalak Loinatz Txirrindulari Elkartearekin eta Euskadi Fundazioarekin mantentzen duen elkarlanari esker Txirrindu Festa izango da igande honetan.

Duela urtebete zehazki, iragarri zen Udalaren parte hartzearekin desagertzear zegoen 23 urtez azpiko Ampo txirrindulari taldea Euskadi Fundazioaren parte izatera pasatu zela. Udala eta Euskadi Fundazioaren arteko elkarlanaren hasiera izan zen hartatik etorri da orain jaia eta kirola uztartzen dituen ekitaldi honen antolaketa. Halaxe adierazi du Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak Igartzako jauregian egindako aurkezpenean. Bere ondoan Euskadi Fundazioaren izenean Aitor Galdos eta Xabier Rodrigo izan dira xehetasunak ematen.  

Txirrindularitza herrian sustatu eta bultzatzeko udalak duen konpromisoari eusteko helburuaren adibide dira herriko elkarte eta taldeekin sinatutako hitzarmenak ez ezik maila goreneko elkarteekin lortutako akordioak, kasu honetan Euskadi Fundazioarekin.

Txirrindu Festa eta bere izaera soziala

2019an, Beasainen antolatu den Txirrindu Festa Euskal Herria mailan egingo den hirugarrena izango da, datorren igandean, urriaren 27an goizeko 11:30ean.

Haur, gazte zein helduen artean txirrinduaren erabilera sustatzeko helburu nagusia beteko du. Horretarako, udalerrian zehar bi ibilbide antolatu dira edozein pertsonaren gaitasun fisikoari egokitzen direnak. Haurrentzako antolatu dena Gernika pasealekua inguratuko du eta helduentzako diseinatutakoa Erauskin plazatik Irigoien industrialderaino iritsiko da. Jaiaren muina Erauskin plazan kokatuko da, speaker batek girotutako animazioa izango da musikarekin nahastuta eta parte hartzaileen artean kirol materiala zozketatuko da. Euskadi Fundazioak lasterketatan erabiltzen dituen ibilgailuak ere ikusgai jarriko ditu eta talde ezberdinetako txirrindulariak ere bertan izango dira.

Txirrindularitzaren sustapena eta ezagutza

Euskadi Fundazioaren printzipioak herriari ziklismoarekiko pasioa itzultzea da. Bere estatutuetan lehentasunezko objektu soziala ziklismoaren sustapena, promozioa, zabalpena eta garapena dira bere bertsio guztietan, kirol arloan zein gizarte mailan. Euskadi Fundazioaren xedea euskal gizartean eragitea da kirol hau hobetzeko eta aldatzeko oinarrizko baloreen sustapena, ezagutza eta promozioa hedatuz.

Hartarako, harrobiko taldea, emakumeen taldea eta talde profesionalaz gain Euskadi Fundazioak bere laguntzaileei esker, kasu honetan Beasaingo Udala, izaera soziala duten ekintzen plana jarri du martxan. Plan honek ekimen ezberdinak ditu bere baitan eta horietako bat Txirrindu Festa da.

Txirrindu festa kartela