Gimnasio honetan egindako inbertsioarekin Udalak kirola egiteko kalitatezko instalakuntzak erabiltzaileen eskura jartzen jarraitzen du

Batez ere borroka-arteak eta jarduera bereziak egiteko erabiltzen da gimnasio hau eta berrikuntza lanak material eta instalazioetan egin dira

Etengabeko hobekuntzaren ildotik jarraituz, Udalak kiroldegian egin diren azken berrikuntza lanen kontu eman du. Ohitura osasuntsuetan oinarrituz, kirol jarduera ezberdinak sustatzea ardatz hartuta, egungo behar eta eskaerei erantzuteko asmoarekin berritu da tatami gimnasia lekua Antzizar kiroldegian. Egokitzapen eta berrikuntza lanak etengabe burutzen ari dira azken urtetan eta eremu hau eginkizun horren beste adibide bat izan da.

Tatami Gimnasilekua, bere garapenerako barru biguneko zorua behar duten borroka-arteak eta jarduera berezietarako erabiltzen da. Gimnasio hau Antzizar Kiroldegiak antolatutako ikastaroetarako erabiltzen da lehentasunez, baita Udalarekin lankidetza-hitzarmena izenpetuta duten Klub eta Ikastetxeek antolatutako jardueretarako.

Areto honetako berrikuntzak honako arloetan egin dira: argiterian kontsumo baxuko led argiak ipini dira. Aireztapen sistema berritu da, eta hotz-beroa edo tenperatura egokia bermatzeko instalazioa jarri da. Sabaia birmoldatu da, margotze lanak egin dira, aretoaren isolamendua burutu da eta leiho eta kristalak aldatu dira. Berrikuntza lan hauen kostua hauxe izan da: 16.340 euro leihoak eta kristalak eta 49.250 euro beste guztia.

Helburu bikoitza bete nahi da hau bezalako inbertsioekin; Kirola eta ariketa fisikoa egiteko ahalik eta aukera anitzenak eskaintzea batetik baina horrezaz gain Antzizar kiroldegiko erabiltzaileei kalitatezko instalazio egokiak eskura jartzea beharrezkoa da hauen fideltasunari eusteko.

Azken hiru urteetan, hobekuntzak ugariak izan dira, besteak beste sei aldagela berritu eta irisgarritasun baldintzetara egokitu dira, energia aurrezteko inbertsioak egin dira zenbait lekuetako argiteria led-era aldatuz eta uraren beroa berreskuratzeko makina jarri zen. Halaber, gimnasio nagusia berrantolatu eta makina berriak ipini ziren eta espazio berriei dagokionez rokodromo berria eraiki zen eta boxeorako gimnasio berria ere egokitu zen. Azken eremu berria otsailean inauguratu zen crossfit gela berria izan zen eta orain tatami gimnasio lekuaren berrikuntza gauzatu da.

Egun sei mila bazkidetik gora ditu kiroldegiak eta egunero mila pertsona inguru dira Antzizar kiroldegia erabiltzen dutenak. Kopuru esanguratsuak dira eta Udalaren ardura da kalitatezko zerbitzu eta instalazioak eskaintzea hauei.

tatami gela20190710