Uztailaren 12, 13 eta 14an Beasainek 1.286 korrikalari hartuko ditu Ehunmilakek biltzen dituen hiru lasterketatan

Dorsalak agortuta lasterkariak eta laguntzaileak kontutan hartuta lau mila pertsona inguru izango dira bisitari herrian eta ibilbide osoan

Beasain prest dago datorren asteburuan Ehunmilak lasterketa hirukoitzean bilduko diren korrikalari eta laguntzaileak hartzeko. Hamargarren edizioa beteko du lasterketak eta Ehunmilak (168 km), Goierriko 2 handiak (88 Km) eta MariMurumendi Maratoiko dortsalak aspaldi agortuta lau mila pertsonatik gora izango dira Beasainen datozen egunotan. 

Igartzako jauregian egindako aurkezpenean xehetasun guzti hauek aletu zituzten antolakuntzako ordezkariek Beasaingo udaleko alkatea den Aitor Aldasorok lagunduta. Honek egindako lana eskertu zuen, bereziki 1.500 boluntarioek jarritako borondate eta esku zabaltasunarekin parte hartzaile guztiei egindako tratu eta harrera onagatik, azken batean hori baita etengabeko hazkunde honetan lasterketa hauen sekretua. 

Beasainentzat honelako kirol proba baten onurak bistakoak dira; ekonomikoki, sozialki eta prestijio aldetik, Beasain eta beasaindarrak gure mugetatik kanpo uzten duten irudi bikainagatik. 

Kirola, mendia eta mendizaletasunaren balioak agerian uzten ditu ekitaldi honek eta hori beti eskertu beharrekoa da alkatearen hitzetan. Kalitatezko eta goi mailako proba hau antolatzeak sekulako meritua du, bereziki korrikalaria delako helburu eta jomuga nagusia, bere segurtasuna, osasuna eta arreta lehenesten direlako edozeneren gainetik. 

Berdintasunaren arloan eta ingurugiroari dagokionez aurrera pausoak ematen jarraitu da. 1.286 parte hartzaileetatik 116 emakumeak dira, geroz eta gehiago eta kopuru hori handitzen jarraitzeko asmoa bizirik mantentzen du antolakuntzak. Jasangarritasuna eta ingurugiroarekiko errespetuan edalontzi konpostagarriak eta jantziak material berziklatuaz eginak izanak ere badu bere zergatia helburua horretan. 

Balio garrantzitsuak proba honen baitan biltzen direnak kirola eta lehiakortasunaz gain. Lasterketari buruzko informazioa eta xehetasunak www.ehunmilak.com helbidean aurki daitezke. 

Bestalde, eta udalerriari dagokionez garrantzitsua da gogoan izatea honelako proba baten antolakuntzak udalerriko trafikoan eta aparkalekuetan sortzen dituen aldaketak.