Euskararen presentzia eta erabilera sustatzen jarraitzeko udal kirol instalakuntzetan euskararen aldeko leloak jarri dituzte Beasaingo kirol taldeek

BKL eta Beasain Kirol Elkarteak euskararen erabileraren garrantziaz ohartarazi nahi dituzte kirolari zein zaleak eta Udalarekin elkarlanean abian jarriko dituzte hizkuntzen ohituren aldaketarekin zerikusia duten hainbat egitasmo

Igartza zein Loinaz futbol zelaietan eta Antzizar Kiroldegian, kirolaren baloreekin nahiz euskararen sustapenarekin lotura duten errotulazio lanak burutu dira. Gaurko agerraldian BKL eta Beasain kirol Elkarteko arduradunek aurkeztu dituzte aipatu errotulazioak. Horrela kirolari nahiz ikusle gisa aritzen diren pertsonak, kirol instalakuntzak erabiltzen dituzten bakoitzean, hurrengo leloak etengabe ikusgai izango dituzte:

 

- kirolak bizitza balioak irakasten dizkigu: eskuzabaltasuna, ahalegina, adiskidetasuna, disziplina, errespetua, ordena

- kirolak ohitura osasuntsuak irakasten dizkigu: atsedena, elikadura, ariketa, higienea

- kirolak giza abileziak eskuratzen irakasten digu: lidergoa, komunikazioa, enpatia, talde lana

- kirolean ere euskaraz gozatzen dugu

- kirolean  euskaraz  jokatu, pentsatu eta ekin

 

Izan ere, elkarte bakoitzean euskarak zein presentzia duen diagnostikatu ondoren, presentzia hori areagotzeko hainbat neurri hartu dira denboraldian zehar, ahalegina borobiltzeko sentsibilizazio nahiz ohitura aldaketen inguruko ekintzak burutuko dituztelarik.

2018-19 denboraldiari amaiera emanez, kirol elkarteek beraien egunerokoan euskararen presentzia areagotzeko zenbait ekintza burutuko dituzte. Horrela jarraipena eman zaio denboraldi osoan zehar eginiko lanari.

Hainbat ekimen kirolean euskara txertatzeko

Horrez gain denboraldi bukaera bitartean eta ondorengo ohizko kirol kanpusetan hizkuntza ohituren aldaketarekin zer ikusia duen jolasa abian jarriko da. Zehazki talde bakoitzean euskarak  duen presentzia abiapuntu izanik, “EUSKARA HITZ EGITEKO PREST” eta “EUSKARA ENTZUTEKO PREST” izeneko rol-jolasa abian jarriko da, entrenamendu zein partidatan. Kasu honetan pegatinak edo txapak erabili ordez, tatuai bereziak erabiliko dituzte kirolari zein entrenatzaileek, lelo bakoitzerako kolore ezberdina erabiliz, beso edo/eta hanketan ikusgai egongo direnak alegia. Horrela, talde bakoitzean arduradun bat izendatuko da, bere taldekideak zigilatuko dituena. Kanpaina bukatzean neurketa berria egingo da.

Kirol hezkuntza euskaraz

Azkenik, etorkizunera begira entrenatzaileen kalitatea eta euskara gaitasuna areagotzeko, saskibaloi entrenatzailea izateko formazio homologatua euskaraz jasotzeko hitzarmena sinatu dute BKLk, KIrolene-k eta Udalak. Ekainean proba fisikoak igaro ondoren, uztailetik aurrera entrenatzaileek titulazioa lortzeko aukera izango dute eta ondorioz kirol irakaskuntza euskaraz egiteko ahalmena. Beasain Kirol Elkartea ere antzeko bidea jorratzen ari da eta saiatuko dira hurrengo denboraldian aukera berdina futbol entrenatzaileei eskaintzen.

Ekimen hauek Beasaingo Udalak BKL eta Beasain KErekin elkarlanean aurrera eramaten ari diren “Euskara oinarritik” programaren baitan kokatzen dira. Programa honen bigarren mailako helburuak ere badira kirolean euskararen egoeraz aurreko urtetik egindako diagnositik eratorritako konpromisoa indartzea, kirol taldeen barne nahiz kanpo komunikazioan euskararen presentzia areagotzea, kirol esparruan Beasaingo elkarteak erreferentzia bihurtzea, euskarak balio erantsia ematen duela frogatzea, sentsibilizaziotik ohitura aldaketara igarotzea eta entrenatzaileen kalitatea bermatu euskarazko formazio homologatua jasoz.