Beasaingo Udalak euskararen erabilera sustatzeko, Beasain KE, BKL eta Eusport enpresarekin elkarlanerako hitzarmena sinatu dute

Herritar gehien biltzen dituzten kirol elkarteak izanik, Udalak euskararen sustapenean irismen zabalena eta eraginkorrena lortu nahi du

Euskararen erabilera indartu eta hizkuntzaren erabileraren garrantziaz herritarrak jabetzeko bideak urratzen jarraituz, Udalak kirola eta euskara uztartzen dituen programa berri baten hitzarmena aurkeztu du. Horretarako, Beasain Kirol Elkartea, BKL saskibaloi taldea, Eusport enpresa eta Udala bera batu dira elkarlanerako. 

Hitzarmenaren sinaketan Aitor Aldasoro alkateak esan duenez herritar gehien mugitzen dituzten bi kiroletan eragitea da helburu nagusia, saskibaloia eta futbola, irismena eta emaitza ere ahalik eta handiena izan dadin. Aurkezpenean erakunde guztietako ordezkari nagusiak izan dira: Udaletik alkatea eta kirol zinegotzia Elena Ruiz, BKLko presidentea Joxe Mari Arrospide, Beasain Kirol Elkarteko presidentea Kepa Lasa eta Eusport enpresaren arduraduna Koikili Lertxundi.

Alkatearen hitzetan bi kirol elkarteen artean ia mila haur eta gazte biltzen dituzte baina hauekin lotura zuzena duten herritarren sarea bikoiztu edo hirukoiztu egiten da. Horrek txertatu nahi den euskara programa berri honi sekulako irismena ematen dio.

Kirolean euskararen presentzia areagotzea

Lertxundik bere aldetik programaren xehetasunak aletzerakoan garbi utzi du helburu nagusia, kirol elkarteen egunerokoan euskararen presentzia areagotzea dela. Berak gidatzen duen Eusport enpresak, kirola du ardatz, eta enpresei euskara planak txertatzen laguntzen die baina bere bitartez balore garrantzitsuak ere sustatzen dira, euskara batez ere baina baita kalitatea, berdintasuna edo elkartasuna.

“Kirola Oinarritik Euskaraz” deituriko egitasmo honek aisialdiaren baitan hainbesteko garrantzia duen kirolean eragiten du. Proposatutako ekintzak kirol elkarteen erritmoarekin bat egiten dute, hots 2017-18 kirol denboraldiaren baitan egokiak izan daitezkeen ekintzak alegia. Euskararen egoera zein den jakiteko jada euskararen presentziaren inguruko diagnosia egin da. Urte hasieratik lanean badabiltza kirol elkarteekin. Orain arte ateratako argazkia oso ona dela azaldu du baina hala ere badagoela zeregina erantsi du.

Beasain KEko Kepa Lasa eta BKL saskibaloi klubeko Joxe Mari Arrospide bi presidenteak bat etorri dira kirolean euskara txertatzeak duen garrantziaz. Proposamena jaso zutenean begi onez hartu zuten bi klubetan. Batez ere entrenatzaile eta teknikoek euskaraz baliatzeko duten beharra azpimarratu dute. Euskaraz aritzeko erraztasun eta joera hori indartzeko formakuntza eta saioen bidez lortzea oso mesedegarria izango zaie, jokalariek euren artean euskara erabiltzeko joera badute eta.

Euskararen presentzia handitzeko ekintza konkretuak

Lertxundik programaren ekintza konkretuak eta bigarren mailako helburuak azaldu ditu. Euskararen erabilera sendotzeko helburu nagusia lortu ahal izateko honako azpi-helburu hauek garatu behar dira: Udala eta kirol elkarteen arteko koordinazioa hobetzea, Kirol elkarteek eskaintzen duten formakuntza espezializatuan kalitatea hobetzea, formakuntza espezializatu hau euskaraz izatea, kirol elkarteen komunikazioan euskara hizkuntza bizia izatea eta euskarari prestigioa ematea.

Lan plangintza

Esparru hauetan banatuta egongo da lan plangintza; koordinazio bilerak egingo dituzte hiru hilean behin kirol elkarte eta Udalaren arteko koordinazio helburua hobetzeko.

Formakuntza saio espezifikoak eskainiko zaie hezitzaile-entrenatzaileei ikastaro espezializatuen bidez. Kalitatezko kirol irakaskuntza eskaintzea garrantzitsua baita hainbeste boluntario dauden elkarteetan.

“Baietz lortu bi hilabete euskaraz jolasten” erronkarekin, euskarak kirol elkarteen egunerokoan presentzia handiagoa izatea lortu nahiko da. Elkarteen komunitatea osatzen duten pertsona ezberdinei zuzentzen zaie (jokalariak, gurasoak …). Jolasaren bitartez gauzatuko den ekintza kirol entrenamenduetan eta kirol partidetan eragitea bilatzen du, hizkuntza kodeetan modu naturalean eraginez.

Komunikazioa planari dagokionez, kirol elkarteen komunikazioan euskara hizkuntza biziagoa izango da helburua horretarako bere presentzia areagotuz.

Azkenik talde guztiek urte osoan egindako lana saritzeko errekonozimendu ekitaldia egitea proposatzen da udalak antolatzen  duen euskararen astearekin lotuta Euskaraldia programaren baitan.