Datorren asteartean, hilak 14, 18: 00etan, Igartzako jauregian, udal arduradunek eta dokumentua egiteaz arduratzen den enpresak xehetasunen berri emango dute

Parte hartzea eta gardentasuna xede izanik, herritarrei informazioa bertatik bertara helaraztea, zalantzei erantzun eta egon daitezkeen alegazioak bideratzea da azalpen-saioaren helburua

Hasierako onespeneko dokumentuari alegazioak aurkezteko epea maiatzaren 12a arte dago irekia

Hiri Antolamenduko Plan Orokorra udalerriaren etorkizun urbanistikoa datozen 10-15 urteetan marraztu eta baldintzatzen duen dokumentua da. Proposamen berria duela lau urte hasi zen lantzen eta behin-betiko aprobaziorako prozesuak jasotzen dituen zazpi faseetatik bosgarrenean aurkitzen da. Izan ere, HAPOak urtarrileko osoko bilkuran hasierako onespena jaso zuen eta ordutik 60 eguneko alegazio epea zabaldu da interesdunek beraien ekarpenak egin ditzaten, maiatzaren 12a arte hain zuzen ere.

Parte hartzea eta gardentasuna

Udal gobernuarentzat ezinbestekoa da Beasaingo etorkizunerako horren estrategikoa den dokumentu batetan herritar eta agente desberdinen ekarpenak jasotzea behin-betiko dokumentua ahalik eta osatuena eta aberasgarriena izan dadin. Horregatik, aurreratu bezala, herritarrei Plana azaltzeko saio ireki bat antolatu da. Hitzordua martxoaren 14an izango da, arratsaldeko 18: 00etan Igartzako jauregian. Saio honetan, dokumentuaren egungo egoeraren eta Plan Orokorraren garapena definitzen duten ezaugarri nagusien berri emango da. Horrela, lehen eskutik informazioa jasotzeaz gain, alegazioren bat aurkeztu nahiko luketen herritar edo kolektiboek zalantzak argitu eta prozesua bideratzeko aukera izango dute teknikoen eskutik.

Prozesua azken faseetan

Duela lau urte inguru hasi zen egungo udal gobernua Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria lantzen, aurreko Arau Subsidiarioen ordezkoa izango dena. Planaren oinarriak finkatu ziren diagnostikoaren parte izan zen partaidetza-prozesu batekin hasi zen plana egiten 2019an. Urtarrilean jaso zuen hasierako onespenaren ondotik, bi urteko epea zabaltzen da dokumentuak behin-betiko onarpena jaso eta indarrean sar dadin. Ondorioz eta ondobidean, Plan berria 2025eko urtarrila baino lehenago sartuko litzateke indarrean.

HAPO edo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak, Beasaingo  hiri-eremuko bizitegi garapenen, espazio publikoen, etxebizitzen eta berdeguneen antolamendua ezartzen du, besteak beste. Hiri izaera ez duten eremuei dagokienez, babes-eremuak definitzen ditu, bai ingurumen eta nekazaritza balioagatik, bai paisaia-interesagatik. Beraz, hiribilduak duen espazioaren antolamendua eta erabilera agintzen duen 'eskuliburu' gisa defini genezake.