Herrilab3B egitasmoaren baitan, ekimenak kontziliazio erantzunkidea du xede. Iaz izandako arrakastaren ondotik, esperientzia errepikatzea erabaki dute merkatariek eta 35 saltoki batu dira ekimenera.

“Esperientzia honekin, herrian erosketak egitera animatu nahi ditugu beasaindarrak eta, horrekin batera, esperientzia berritzaile baten bitartez ordutegien erabilera arduratsuan eta kontziliazioan eragin nahi dugu”, azaldu dute sustatzaileek

Herrilab3B kontziliazio erantzunkiderako laborategiaren babespean Beasaingo merkataritzak ordutegiak arrazionalizatzeko iaz burututako esperientzia pilotuak izan zuen arrakasta ikusirik, egitasmoari jarraipena emango diote herriko dendariek datorren otsailaren 1ean hasi eta lau astez –hilabete osoan zehar, alegia–. Funtsean, arratsaldez saltokiak lehenago itxiko dira, merkatariek euren bizitza pertsonalean kontziliaziorako aukerak hobetu ditzaten eta, bide batez, herrian gizon eta emakumeen arteko berdintasunean aurrerapausoak eman daitezen eraginez. “Ekimen honekin, herrian erosketak egitera animatu nahi ditugu beasaindarrak eta, horrekin batera, ordutegien erabilera arduratsuan eta kontziliazioan eragin nahi dugu”, azaldu dute sustatzaileek, Beasaingo Udalean egindako prentsaurrekoan.

Beasain Berdintasunean Bizi lemapean eta herriko eragileekin elkarlanean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Beasaingo Udalak lankidetzan sustatutako laborategia izan da Herrilab3B. Esperimentazio aktiboaren bitartez, berdintasuna oztopatzen duten egiturazko joerak, estereotipoak, genero rolak eta ohiturak eraldatzeko ekintza praktiko eta positiboak garatu dituzte azken urteotan. Iaz, 2022an, hainbat proiektu pilotu abiarazi zituzten eta horietako bat izan zen, hain zuzen ere, merkataritzan ordutegiak arrazionalizatu asmoz antolatu zuten egitasmoa.

Esan bezala, lau astez, arratsaldeko ordutegia moldatuko dute ekimen honekin bat egiten duten herriko merkatariek. 35 denda batu dira ekimenera. Hala jakinarazi dute gaurko aurkezpenean Beasaingo alkateak, Leire Artolak; Berdintasuneko foru zuzendariak, Nerea Isasik, Eneritz Iturriotz merkataritza bulegoko teknikariak eta esperientzian parte hartuko duen merkatarietako batek, Amaia Sorazuk.

Iazko esperientzia positiboa

Ekintzaren jarraipena Bareak elkartearen proposamenetik abiatuz gauzatuko da. Joan den urteko esperientzia arrakastatsua eta positiboa izan zen eta aurten ere berriz egiteko erabakia hartu dute.  Merkatari, bezero, eta herritarren zein herri bizitzan izan zuen eragina ezagutu eta neurtzeko egin ziren kaleko inkesten ondoren, emaitzak hausnartu eta zeharo onuragarriak izan zirela ondorioztatu zen. Iazko ekimenaren antolakuntzarako, Solsonako eta Cardonako (Katalunia) tokiko garapen agentziaren eta bertako merkatari elkartearen parte hartzea lagungarri izan zen, Herrilab3Brekin partekatu baitzuten ordutegiak aldatzeko egin zuten esperientzia.

Herritarrei egitasmoaren berri emateko, parte-hartzaileek ordutegi esperimentalaren berri ematen duen zigilua zintzilikatuko dute beren erakusleihoetan eta saltoki bakoitzak bere itxierako ordutegia erakutsiko du.

Herrilab3B egitasmoa martxan jarri zenetik, kontziliazio erantzunkidean Gipuzkoa osorako erreferentzia da Beasain. Herriko alkateak, Leire Artolak, beasaindarrek esperientzia honetan egin duten apustua azpimarratu eta balioan jarri nahi izan du. “Iaz egindako proba baliogarria izan zela frogatu zen eta merkatarien aldetik berriz ere egiteko proposamena iritsi zenean Udalak bere babes eta atxikimendua adierazi du. Esperientzia hura baliogarria izan da. Lan-bizitza eta bizitza pertsonala uztartzea zailagoa da merkataritzako eta zerbitzuetako profesionalen kasuan, jendeari arreta emateko ordutegiak haien bizitza pertsonala baldintzatzen baitu, zalantzarik gabe. Horregatik, esperientzia honek Beasainen erosteak eta kontsumitzeak duen garrantziaz jabetu behar gaitu, gure ordutegi-ohiturak apur bat aldatuz”.

Nerea Isasik, Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendariak, Beasaingo Udalari eta eragileei eskerrak eman dizkie “bidea zabaldu” dutelako, “erakutsiz guztiok elkarlanean berdintasunean eta kontziliazio erantzunkidean aurrera egiteko neurri eraldatzaileak martxan jarri ditzakegula”. “Oraindik asko gelditzen da egiteko emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreala lortzeko ahaleginean. Baina merkatarien ekimen honi erreparatuz, ikus dezakegu kontziliazio erantzunkidea palanka eraginkorra dela helburu horretara bidean aurrera egiteko. Erakundeek alor honetan pauso berriak emateko ardura dugu, baina gizarteak modu konpartituan neurri berritzaileak martxan jartzea ere oso garrantzitsua da. Erakundeen nahiz gizarte eta ekonomia alorreko eragileen arteko lankidetza dinamika berriak abiarazi eta indartu behar ditugu”, aipatu du.

Herrilab3B, berdintasuna eta kontziliaziorako laborategi

2019an aurkeztu zuten herritarren aurrean Herrilab proiektua. Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean bultzatutako egitasmo honen bitartez, kontziliazio erantzunkidea hobetzeko esperimentazio laborategi izan da Beasain, herriko eragileen eta biztanleen inplikazioarekin. Guztiok elkarlanean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna era esanguratsu eta iraunkorrean sustatzeko ekintzak diseinatu, probatzea eta ezartzea izan du helburu.

Esperientzia aitzindari honetatik eratorritako ezagutzak berdintasun eta kontziliazio politiketarako baliatuko dira, eta aldi berean, eredu izango dira lurraldeko beste udalerri eta eskualdeetan antzeko esperientziak garatzeko.

Herrilab3B merkataritza ordutegi 2023 3