Aurrekontua 20.717.561 eurokoa izango da eta beste urtebetez, zorrik gabe ekingo zaio urteari

Behar gehiena dutenei begira, Gizarte ongizateko zerbitzuen sailak, %21eko igoera izango du

Eraginkortasun energetikoa, mugikortasun jasangarria eta ingurumenaren zaintzarako proiektuak bultzatzen jarraitzen du Udalak klima-aldaketari aurre egiteko

Herritarren behar nagusiei erantzuteko, gobernu taldeak 2023rako prestatu duen aurrekontu proposamena jakitera eman du. Dokumentuak %12,7ko igoera isladatzen du eta 20.717.561 eurokoa izatea aurreikusi da. Kudeaketa zuhurrari esker, beste behin zorrik gabe ekingo dio Udalak urte berriari. Aurkezpenean, Leire Artola alkatea buru, Adur Ugartemendia Lurraldea saileko burua, Ongizate saileko arlo-burua Malu Valles eta Elena Ruiz Herritarrak saileko burua izan dira.

Udal gobernuaren 2023ko aurrekontu proposamena, legegintzaldi honetarako bost helburu estrategiko nagusietan oinarritzen diren aurrekontuak izango dira; herritarren ongizatea, jarduera ekonomikoa eta tokiko enplegua, bizi kalitatea bermatzea, herri nortasuna, jasangarritasuna eta gobernu onaren kudeaketa eredua.

Zerbitzu sozial indartsuak

Behar gehien dutenak babestu eta inor atzean ez uzteko helburuarekin, azpimarragarria den %21ko igoera izango du Ongizate arloak 2023rako. Helduenen beharren diagnosia egin eta beharrezko diren tresnak jarriko ditu sailak euren eskura. 

Etxez etxeko laguntza, eguneko zentroa, nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko programa eta helduenei bizi kalitatea hobetzeko ekimenak indartuko dira. Baita Alzheimerra ahalik azkarren antzemateko Cita Go on programari jarraipena eman ere, Exercita programa abiarazteaz gain. Lau pertsonentzako babesa emateko etxea egokituko da bestalde.

Enplegua eta formakuntza

Goiekirekin elkarlanean, eskualdean, egoera ahuletan dauden pertsonen enplegagarritasuna eta kualifikazioa hobetzeko egitasmoa jarri da abian. Aldi berean, Enplegura bideratzeko ikastaroak babestuko ditu Udalak 50.000€-rekin, non lorezaintza, elektrizitate eta ehungintza arloetarako ekintzak planifikatuko diren, enpresa eta erakude publikoetan praktikak ahalbidetuz. Gainera, zeharkako gaitasunei buruzko prestakuntza ere emango da, emakume langabeei zuzendutako Emaktiva bezalako programarekin, besteak beste.

Berrabiarazi programari zuzendutako diru lerroak indarrean jarraituko du, Beasaingo enpresa txikienen berrikuntza sustatu eta hauen beharrei irtenbidea emateko ekintzak martxan harriz. Emakumeak ehungintza industrialera bideratzeko saioak ere lagunduko dira. 

Tokiko Merkataritzan, lokal hutsak betetzeko alokairurako diru laguntzak, herrian erosketak egitera bultzatzeko sentsibilizazio kanpainak, eta azokan fidelizazio kanpainak gauzatzen jarraituko dira, besteak beste.

Espazio publiko eta bide sareen etengabeko hobekuntza

San Inazio-Esteban Lasa ardatza birgaitzeko lanek aipamen berezia merezi dute 2023ra begira, izan ere, eraberritze bat eskatzen duen erdiguneko arteria nagusia da. Jada lanketan dagoen proiektuak espaloi eta gune publikoen zabaltze bat bilatuko du, zuhaitzak txertatuz eta oinezkoen segurtasun eta irisgarritasuna lehenetsiz.

Proiektu honen ondotik Barrendaingo Plazaren eraberritzeak lehen pausoak emango ditu, behin Mugikortasun Planak gune intermodal bilakatuko den espazio honi bere irizpide eta iradokizunak txertatzen dizkionean. Anbulategitik abiatuta Oria ibaia gurutzatuz, erdigunea Altamira auzoa eta Indarreko enpresa gunearekin lotuko duen Oriako Bide Berde berria egikaritzea ere espero da 2023an. Inbertsioa 220.000€ ingurukoa izatea aurreikusten da.

Klima-adaketaren erronka eta ingurumenaren zaintza

2023ko udan Autokontsumo Kolektiborako Instalakuntza bat egikarituko da Alkartasuna Lizeoko frontoiaren estalkian. Horrela, Udal eraikin desberdinen dependentzia energetikoa murriztuko da 250.000€ inguruko inbertsioari esker. Gernikako Pasealekuan instalatuko den Ibilgailu Elektrikoen Errekarga Puntu bikoitzaz gain, udalerri mailako azterketa bat egingo da aparkaleku sarea puntu gehiagoz hornitzeko. Kale argiteriaren eraginkortasunari dagokionez, argiteria LED teknologiara eguneratzen jarraitzeko lizitazio bat egingo da. Bestalde, 600.000€-ko ekarpena egingo du Udalak Porteria eremuan uholdegarritasuna gutxitzeko lanak kofinantziatzeko, Ur Agentziarekin duen hitzarmenaren baitan.

Haurrak eta gazteria

Haur eta gazteei zuzendutako ekimenen artean, herriko gazteekin loturak sortu eta bidenabar, gazteei zuzendutako ekimenak antolatzeko parte hartze prozesu bat martxan jarriko du. Asmoa, gazteekin elkarlanean Udaleko gazteria programa eraiki eta erronkak zeintzuk diren identifikatzea da. Gazteentzako begirale ikastaroa ere antolatzen jarraituko da eta horrezaz gain, kirol, kultur eta ongizate eskaintza zabala izango dute, herriko elkarte eta bolondresen lanari esker. Hargatik ez zaie diru laguntzarik murriztu elkarte eta eragile herritarrei, Beasain, beraiei esker badelako Beasain.

Beasain euskaldunago eta parekideago

Euskararen erabileran aurrerapausoak ematea du lehentasuntzat Gobernu taldeak, ezagutza eta sustapenari eutsiaz. Euskaraz ikasteko dirulaguntzak, euskarazko udalekuak edota Hizkuntza errefortzurako zerbitzuak arrakastatsu mantentzen dira eta eskaerari erantzunez mantendu eta indartuko dira. Horretaz gain euskararen sustapenean, Aittu Beasaingo euskara taldearekin elkarlana berrituko da. 

Garabide elkartearekin, beste urtebetez lankidetzan jarraituko du Udalak, euskeraren aldeko lana adibide hartu eta munduan zehar hizkuntza gutxituak berreskuratzeko asmoz. Gizarte parekideagoa eraikitzeko bidean, Beasaingo Berdintasun Plana eta honi dagokion ekintza plana lantzen jarraituko da. Bide berean, Beasaingo Berdintasun Kontseilua egonkortu eta dinamizatuz jarraituko da. Kirol elkarteei zuzendutako diru laguntzak mantenduko dira, kasu batzuetan igo ere bai.

Finantza egoera osasuntsua

Orotara, 2023 ekitaldirako aurrekontua 20.717.561 eurokoa izango da eta Udalak berriro zor propiorik gabe ekingo dio urteari. Beste urte batez, tasak izoztuta jarraituko dute.

Oposizioko udal taldeen ekarpenak kontuan hartze asmoz hainbat bilera burutu ondoren, dagoeneko udal oposizioaren esku dago aurrekontuen proposamena ekarpenak jaso zai. Abenduaren 1eko osoko bilkuran bozkatuko da eta gobernu taldeak 2023 urtea aurrekontuak onartuta hastea du helburu.

Aurrek23