Enpresa txiki eta ekintzaileentzako lokalen alokairuan laguntzeko dirulaguntzak banatzeko oinarriak oposizioko taldeen abstentzioarekin onartu dira

Beasainen musika sustatzeko helburua betetzen duen Igartza Musika Bekaren oinarriei onespena eman zaie  

Garapen ekonomiko eta soziala sustatzea helburu duen dirulaguntzak banatzeko oinarrien proposamena onartu zen maiatzeko udalbatzaren osoko bilkuran. Ekintzailetza sustatu eta enpresa txiki berrien sorrera eta garapena errazteko eta laguntzeko xedea du ekimenak. Hain zuzen ere, laguntza hauek Coworking deituriko espazio partekatuetako alokairua ordaintzeko zuzenduta daude. Coworking lokalaren hamabi hilabetetako alokairuaren %50 ordainduko da (BEZik gabe), gehienez ere 1.200 euro. Honen arabera, ekintzaileentzako eta enpresentzako garapen eta aukera gune berriak sortzea da xedea. EHBildu eta PSE udal alderdiak abstenitu egin dira proposamenean eta EAJko bozekin aurrera atera da laguntzak arautuko dituzten  oinarriak. 

Kultura arloan musikarekin lotura duen egitasmo nagusienetakoa da Igartza Musika Beka. Musikari gazteei bultzada bat emateko helburuarekin sortu zen 2016an, eta Igartza Musika programaren osagarria da. Interpretazio espezialitatean dabiltzan Musikeneko bertako nahiz atzerriko ikasleak onuradunak izango badira ere Beasain eta beasaindarrei eragingo dien ekimen bat da zalantzarik gabe. Izan ere talentu handiko musikari gazteen lanaren emaitzak Beasainen bertan plazaratzea ekarri du. Orain arte ia goi mailako ehun musikari pasa dira Beasaindik Udala eta Musikeneren elkarlanari esker. Musikene, Euskal Herriko Goi Mailako Musika zentroarekin dagoen hitzarmena, oinarrietara ekartzeko proposamena izan da aho batez osoko bilkurak onartu duena. 

TAO ordenantzaren aldaketei onespena

TAOren ordenantzak izan dituen azken aldaketei behin betiko onespena eman zien udalbatzak. Azaleko aldaketak dira finean; Ezkiaga auzoko egoiliarren eremuko ordutegi aldaketa, gune gorriaren ordutegia astelehenetik ostiralera 23:00etatik 8:30era izango da. Helburua, auzoko merkataritzari bultzada bat ematea da, aparkaleku librearen hasiera goizeko 10:00etatik 8:30era aurreratuz. Era berean, eremuei dagokionez aldaketak egin dira; marroi koloreko eremua (egonaldi laburrekoa) Erauskin plazatik Gernika pasealekura aldatu da zati batera, plaza kopurua handituz. Honela eremu marroira egin behar zen ibilbidea murriztu da ibilgailuentzat kutsadura gutxituz. Eremu marroiko egonaldi laburreko denbora ere luzatu da 90 minutura, anbulategira doazen erabiltzaileei malgutasun gehiago emateko, baita Gernikako pasealekukoei ere, erdigunean erosketak egiteko 30 minutu gehigarri eduki ditzaten. Guztia, mugikortasun planak dituen helburuekin bat eginez gauzatutako aldaketak izan dira. 

Beasaingo Udala ingurugiroa babestearen alde eta jasangarritasuna bultzatzeko egiten ari den guztiarekin lotuz, 2007tik Udalsareari atxikita egonik urtero hitzarmenak berrituz, Udalsarea 2030 udalerri jasangarrien euskal sarearen partaide izateko konpromisoa berritu du. Honela asmo eta helburu horiei Beasaingo Udala atxikituta jarraituko du aho batez hartutako erabakiarekin.

Osoko bilkuran hartutako erabakien artean, 2022/2023 ikasturteko Musika Eskolako eta Euskaltegiko tasen hasierako onespena egon zen. Erabakiaren arabera %2ko igoera izango dute. Goierrotik elkarteak aurkeztutako mozioa izan zen gai zerrendako azken puntua. Covid pasaportearen gaitzespena eta etorkizunean berriro ez ezartzeko eskaera ez zen onartua izan; EAJ eta PSEk aurka bozkatu zuten eta EHBildu abstenitu egin zen.