Gizarte eta hezkuntza arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzua Lorratz giza elkarteari esleitzea onartu du Udalak

Euskaraz ikasten dihardutenentzako eta Covid 19a dela eta bidaia agentzietan izandako kalteak arintzeko dirulaguntzak onartu dira uztaileko osoko bilkuran

Babes gabezia eta egunerokotasunean gizarteratzeko eta harremanetarako laguntza behar duten herritarrei zuzendutako arreta zerbitzua berritu du Beasaingo Udalak. Norbanako zein familiarteko harremanetan gertatzen diren gorabeheren aurrean, gizarte ongizate sailak eskuhartze zerbitzuaren bitartez gatazka hauek konpontzeko edo laguntza eta irtenbidea emateko eskaintzen duen udal baliabidea da. 

Egun eta eskuhartze zerbitzu honek barneratzen dituen programa ezberdinen bitartez, hainbat adin eta taldeetako erabiltzaileengan eragina du. Kale heziketa programan 6 eta 20 urte arteko 75 gazteei jarraipena egiten zaie. Familiei dagokionez, adin txikikoak eta adin nagusikoak dituzten 17 familiekin lan egiten da. Helduen akonpainamendu programan 17 pertsonei eguneroko bizitzan gaitasunak eta garapen prozesuan laguntzen ari zaie eta hezkuntza munduko profesionalei zuzendutako ekintza formatiboak ere garatzeko daude. Bestalde, babes faltan dauden pertsonen egoeren ikerketak egiten dira. Programa hauekin herritarren ongizatean eta bizi kalitatean eragitea da helburua. Babes eta ahuldade egoeran daudenei arreta eskaintzeko inor atzean utzi gabe.  

Eskuhartze zerbitzuen esleipena gobernu batzordeak onartuta Lorratz enpresari eman zaio. Bi urteko iraupena eta urtebeteko beste bi luzatzeko aukerarekin eta lizitazio prezioa 241.441,48 (+BEZ) eurokoa urteko da. 

Euskara ikasteko dirulaguntzak

Beasaingo Udalak aurrera daraman hizkuntza politikaren baitan, helburu estrategikoetako bat euskararen ikaskuntza eta erabileraren sustapena da. Hori horrela, Euskaltegian euskara ikasten ari diren herritarrei dirulaguntzak emateko oinarriak onartu ditu uztaileko udalbatzaren osoko bilkuran aho batez. Dirulaguntzak jasotzeko 16 urtetik gora izatea beharrezkoa izango da. Ikastaroan %85eko asistentzia egiaztatu beharko da eta langabetuek %90. Zenbatekoari dagokionez, langabetuek ordaindutako matrikularen %100 jasoko dute. A1, A2, B1 eta B2 mailetako ikastaroetan %75 eta C1 eta C2 ikastaroetan %50. 

Bidaia agentziei dirulaguntzak Covid 19 agatik

Covid 19ak eragindako kalteak arintzeko, Beasaingo bidaia-agentziei dirulaguntzak ematea onartu zuen osoko bilkurak aho batez. 2021ean laguntzak banatzeko oinarriak onartuta, honako gastu hauetarako dirulaguntzak emango dira; energia kontsumoa, ura, telefonoaren, internetaren eta antzeko kuotak, publizitatea eta aseguru primak. Gehienez ere 2.500 euro emango dira aipatutako kontzeptuengatik. 

Gobernu batzordean hartutako erabakien artean Oriamendi kalearen eta Erauskin plazaren birgaitze lanen proiektua eta pleguak onartu ziren. Honekin batera, deialdi publikoa egina geratu da urbanizazio lanen esleipena egin ahal izateko. Usurbe antzokia eta erakusketa aretoa kudeatzeko eta ustiatzeko zerbitzuaren kontratua ere urtebetez luzatzea erabaki zen.

Udalbatza osoko bilkuran onartutako gaien artean honako hauek aurkitzen dira; Bilbao Musika Eskolaren eta Beasaingo Udal Loinatz Musika Eskolaren arteko hitzarmena, lan poltsak modu bateratuan kudeatzeko; Plazape tabernaren ustiapena, ondoko komun eta dutxa publikoarekin batera, eta plazaren eta merkatuaren dinamizazioaren lizitazioa hutsik utzi eta berria argitaratzea (Alderdi Sozialistaren -2- aurkako eta EAJ -9- eta EHBilduren -5- aldeko botoekin onartu zen); Igartzako Monumentu Multzoaren ustiatzeari buruzko kontratua luzatzea urtebetez onartu zen (EHBilduren abstentzioarekin -5- eta gainerako taldeen aldeko botoekin, EAJ -9-, PSE -2-). Halaber, behin betiko onartu zuten jasangarritasun energetikorako batzordearen araudia, EHBilduren (5) abstentzioarekin eta EAJren (9) eta PSEren (2) aldeko bozekin.

Hizkuntza gutxituen alde

Beasaingo Udalaren eta Garabide elkartearen arteko hitzarmena berritzea izan zen aho batez aurrera atera zen beste gaietako bat. Horrela, aurten garatuko diren hiru proiektuak diruz lagunduko dira, eta 41.000 euroko laguntza emango zaie. Hauek izango dira: herri indigenen hizkuntzen biziberritze estrategiak indartzeko lankidetza sareari; Ekuadorreko Imbaburako komunitate kitxuarentzako hizkuntza-lankidetzako proiektu integralari eta Mexikoko Tosepan mugimendu kooperatiboaren egitasmo sozioekonomiko identitarioa (linguistikoa) bultzatzeko proiektuari.