Polizia-abusuen biktimen aitortzari buruzko mahai ingurua eta Ipar irlandako elkarrizketa esperientzian oinarritutako dokumentala dira antolatu direnak

Bakea eta bizikidetzako proiektuaren barne, herriari gai hauekin loturiko ekimen publikoak eskaintzeko helburuarekin jarraituz antolatu dira Beasainen bizikidetza eta memoria jardunaldiak. Honela bada, herritarren interesa eta parte hartzea sustatzeko martxoaren 23an eta 29an bi ekitaldi burutuko dira.

Biak Igartzako jauregian izango dira ordu berean, arratsaldeko 19:00etan. Lehena martxoaren 23koa, mahai ingurua izango da; polizia-abusuen biktimen aitortza eta erreparazioari buruz Laura Pego Otero eta Ana Isabel Perez Machio arituko dira. Bigarrena, martxoaren 29an, In dialogue izeneko dokumentalaren emanaldia eskainiko da. Dokumentalak Ipar Irlandako elkarrizketa esperientzia batean murgiltzera eramango ditu ikusleak. Hizkuntza ingelesez izango da gaztelaniazko azpitituluekin. 

Beasaindarren arteko elkarbizitza hobea eraikitzea

Beasainen bakea eta bizikidetza lantzeko proiektuak aurreko legegintzaldian izan zuen hastapena. Beasaindarren arteko elkarbizitza hobea eraikitzeko asmoarekin Udal gobernuak eta Udaleko hiru alderdi politikoek bultzatutako ekimenaren ondorioz eratu zen Beasaingo bizikidetzaren aldeko taldea. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak herrietan gai horiek lantzeko duen programaren bitartez, etika abiapuntu izanik, aldaketa pertsonalerako eta sozialerako prozesuak sustatzen dituen Baketik Fundazioak dinamizatzen du prozesua askotariko bizipen, joera eta ideologia ezberdinetako herritar talde batekin eta Udaleko alderdi politikoekin. 

Beasaingo Bizikidetzaren aldeko taldeak bere aurkezpena 2017an urriaren 24an egin zuen eta herriko erreferente diren pertsona ezagunen atxikimenduarekin ezagutzera eman zen. Orainarte egindako lanaren emaitzetako bat, martxorako aurkeztu den egitaraua da. Beasaindar guztiei egiten zaie gonbita ekitaldi hauetara etor daitezen.

bizikidetza BEASAIN 2021 cartel page 0001