Joan den urriaren 6ean, Eusko Jaurlaritzak Beasainen duen airearen kalitatea neurtzeko estazioak bezperan eman zituen indize goren batzuk zirela eta, honen inguruko informazioa eskatu zuen Udalean EHBilduk. 

Udal arduradunek Jaurlaritzarekin harremanetan jarri ondoren beharrezkoak ziren azalpenak eman zitzaizkion EHBilduko zinegotziari egun berean. Alegia, neurketa horiek ez direla larritzekoak eta hala ziurtatzen dutela Eusko Jaurlaritzatik tekniko eskudunek. 

Hala ere egunean bertan inongo zorroztasunik eta erantzukizun zantzurik gabe, oinarririk ez duen alarma pizteko mezua zabaldu zuten; Beasaingo airea Europako kutsatuenen artean zegoela adieraziz eta beasaindar guztion osasuna arriskuan dagoela ohartaraziz inolako beharrik gabe.  

Honen aurrean, Udal gobernuak egun bizi dugun osasun larrialdi egoera aintzat hartuta, salatu egin nahi du zorroztasunik gabeko jokabide arduragabea. Alderdikeriak bultzatuta horrelako jokabideek erakundeen sinesgarritasuna jartzen dute ataka larrian, mezu okerrak zabalduz eta herritarrak alferrik kezkaraziz .