Neurobai, zahartze aktiboa sustatzen duen estimulazio sentsorial eta kognitiboan oinarritutako terapia ez-farmakologiko bidezko metodo berria da.

Programa berri hau udal gobernuak aurretik bultzatutakoen osagarri da, adinekoen eta, oro har, herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzea helburu duena

Udal gobernuak zahartze aktiboa funtsezko helburutzat jotzen du beasaindarren bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzeko. Beraz, adinekoen autonomia, osasuna eta produktibitatea hobetu nahian, Beasaingo Udalak "zahartze aktiboaren eta osasuntsuaren kulturarekin” bat egiten du, adinekoek gaixotasun kronikoekin lotutako ezintasunengatik gutxiago sufri dezaten eta osasun eta gizarte arloen arretaren beharra gutxitu dadin. Horrek ekarriko du bakardade-egoerarik ez izatea, independentzia eta bizi-kalitate ona mantentzea, eta udalerriko esparru ekonomikoan, sozialean, kulturalean eta politikoan parte hartzen jarraitzea.

Beasaingo Antzizar kiroldegian NEUROBAI izeneko metodoaren aurkezpenean Aitor Aldasoro alkateak azpimarratu duenez, "arduradun publikoek eta gizarteak, oro har, aurre egin beharreko erronka nagusia biztanleriaren zahartze progresiboari aurre egitea da, adinekoen mendekotasun egoera aurreikusteko. Mendekotasun hori eta horrek osasun- eta gizarte-kostuetan dituen ondorioak atzeratzea edo murriztea biztanleria osoaren kalitatea hobetzeko inbertsio bat da; horregatik, NEUROBAI metodo berri hori duela urte batzuetatik abian jarritako Goiz Alzheimer eta Goiz Zaindu programei gehitzen zaie ".

Alkatearekin batera, Jokin Garrues, proiektuaren sustatzaile eta buruak Antzizar kiroldegian egokitutako gunea aurkeztu du. Bertan, funtzio kognitibo eta sentsorialei aplikatutako teknologia berrien bidezko terapia multimodala egingo da. Garruesek Beasaingo Anezka zerbitzu enpresen gunean bere metodoa gauzatu eta ezarri ahal izan du Beasaingo Udalaren eta Goiekiren laguntzari esker.

Metodologia

Neurobai metodoak, metodologia aitzindari eta berritzaile baten bidez, parametro bio-psiko-sozialetatik baloratzen du pertsona. Kirol instalakuntzak belaunaldi ezberdinetako pertsonen topaleku direla aprobetxatuz, zahartzearen premiei prebentzioaren bidez erantzuteko, balorazio biopsikosozialaren bitartez adineko pertsonen sailkapena egiten da.

60 urtetik gorako pertsonek parte hartu ahal izango dute proiektuan. Kasu honetan Beasaingo 100 pertsona izango dira %50 gizonezkoak eta %50 emakumezkoak. Hasierako balorazio psikiko sozialarekin, eta emaitzaren arabera, astean banakako saio 1 eta taldeko 2 saio egingo dira. Terapiek hiruhileko bat iraungo dute, eta adineko pertsonen ahalduntze maila baloratuko da kiroldegian ezarritako zerbitzu honetan.

Metodoa gauzatzeko, zailtasun txikiko gailu elektronikoak eta interfaze (pantailak, softwarea, bideoak, audioa, ikusmena, entzumena, dastamena, ukimena …) erabilerrazak daude. Honela, pertsonaren eta metodoak sortzen dituen estimuluen arteko interakzio handiagoa sustatzen da.

P1160461

Zahartzaroari lotutako gaixotasunen ondorioak arintzea

NEUROBAI proiektu aitzindaria eta berritzailea da, eta zahartzaroari lotutako hainbat gaixotasunen ondorioak arintzen saiatzen da. Azken 20 urteetan, terapia ez-farmakologikoek garrantzia hartu dute desoreka fisiko eta adimenezkoak dituzten pertsonen arazo kognitibo eta sentsorialen tratamenduan. Horren arrazoia hainbat patologiak (dementzia, estresa edo min kronikoa, besteak beste) eragindako arazo kognitiboak eta jokabide-arazoak murriztean edo kontrolatzean erakutsitako eraginkortasun zuzenarekin lotuta dago.

NEUROBAI adin aurreratuetan agertzen diren dementzien aniztasuna eta adin gazteagoetan agertzen diren beste nahasmendu batzuk geldiarazteko sortu zen.

Aldi berean prebentziozko izaera nabarmena izanik, metodo honen helburu espezifikoak honako hauek dira: adinekoak ahalduntzea, osasuna eta segurtasuna sustatzea eguneroko jardueretan moldatzeko, endekapenezko gaixotasunak prebenitzea, gaitasun fisiko eta kognitiboei eustea, auto-estimua hobetzea eta, oro har, ongizate pertsonalari laguntzen dioten gizarte-harremanak hobetzea.

Neurobai aurke 20200213 0