Alkateak euskararen erabilera indartzeko politikei buruzko azalpenak emateaz gain zalantzak argitu eta egin zituzten galderei erantzun zien

Gonbidatuek, Udal Euskaltegiko irakasleek emandako ikastaroan parte hartu eta euskara teknikariaren hitzaldia jaso zuten

Aitor Aldasoro alkateak Garabide elkarteak laugarrengoz antolatu duen Aditu ikastaroko partaideak hartu zituen udaletxean. Yucatanera (Mexiko) egindako bidaiaren ostean, hizkuntza gutxiagotuei buruz egiten den lanari buruzko esperientziak partekatu zituen alkateak ikastaroan parte hartzen ari diren herri indigenetako ordezkariekin.

Beasaingo Udalak euskararen sustapenean aurrera eramaten dituen egitasmoak eta oro har hizkuntza eta nortasunaren gainean mintzatu zen gonbidatuekin. Mintzaldiaren ondotik bertaratuen galderak erantzuten eta zalantzak argitzen jardun zen alkatea.

Atzoko egunez, Beasainen Aditu ikastaroko partaideek Beasainen egin zuten egonaldian Udal Euskaltegiko irakasleek emandako ikastaroa ere jaso zuten. Ikastaro honetan azaldutako gaiak hauek izan ziren: “Euskaltegien sorrera, bilakaera eta euskararen biziberritzean egindako ekarpena”, “Hizkuntza irakasteko metodologia” eta euskara klase bat ere jaso zuten. Bestetik arratsaldean, Udaleko euskara teknikariak biziberritze esperientziaren gakoak eta euskara teknikariaren figuraz aritu zitzaien.

Beasaingo Udala Aditu formazio ikastaroaren babesle

Garabide elkartearekin duen hitzarmenaren baitan, Beasaingo Udalak Aditu izeneko formazio ikastaro honen laugarren edizioa ere babestu du.  Ikastaro hau, hizkuntza berreskurapenaren inguruan lanean ari diren herri indigenetako erakundeak indartzera bideratuta dago. Formakuntza ikastaro honetan 12 hizkuntza gutxiagotutako 21 aktibista indigenen ordezkariak daude; Guatemalako kaqchikel, kitxe eta ketxiak, Mexikoko yukatango maiak eta nahuatlak, Kolonbiako nasak, Ekuadorreko kitxuak, Boliviako guaraniak, Brasilgo kashinawa, Wallmapuko maputxeak, Kurdistaneko kurdua eta Afrika iparraldeko amazigha.

Ikastaroa martxan da Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean eta abenduaren 14ra arte  iraungo duen ikastaroan euren herrietan hizkuntzaren aldeko aktibista direnek 500 ordu baino gehiagoko formazioa jasoko dute hizkuntza biziberritzeko estrategietan. Beasaingo Udala eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia dira formazio honen babesleak eta, nagusiki hiru ardatz ditu: klase teorikoak, bisita didaktikoak eta herriz-herriko bira.

Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatearekin batera antolatzen den formazio hau erakundeen arteko harreman estrategikoak indartu eta etorkizunean garatu ahal izango diren proiektuen oinarriak ezartzea ahalbidetzen duen proiektu bat da, hizkuntza berreskurapenaren inguruan lanean ari diren herri indigenetako erakundeak indartzera bideratuta dagoena. Funtsean, euskal esperientziaren eta hizkuntzaren berreskurapenerako gakoen gaineko formazioa eskaintzen zaie munduko hizkuntza komunitate gutxituetako ordezkariei, ondoren beraiek euren prozesuaren protagonista izan daitezen. Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroa Garabidek gauzatzen duen formazio proiekturik garrantzitsuena da, eta baita hizkuntzen berreskurapen arloan munduan egiten den bakarrenetarikoa ere. Hori dela eta, Beasaingo Udalak, hizkuntza politikaren arloan aurrera daramatzan egitasmoen baitan kokatu du Garabiderekin sinatutako hitzarmena ere.