Mugikortasun Jasangarrirako Planaren idazketatik eratorritako aparkalekuen azterketak, TAO ordenantzaren berrantolatzea ekarri du

Berrikuntzen artean, Barrendaindik gora TAO eremua handitzea, erdigunean egoilarrentzat aparkaleku bereiztuak sortzea eta landa-auzoetako herritarrei aparkaleku baimena izateko aukera ematea aurkitzen dira

Udal webgunean argitaratutako dokumentuari iradokizunak egin ahal izango zaizkio abenduaren 14a bitartean, Igunea edo egoitza elektronikoaren bitartez

2022an Beasaingo Udalak Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren (HMJP) idazketa hasi zuen. Besteak beste, trafikoaren neurketa, bidegurutzeen azterketa, herritarrei egindako inkesta eta parte-hartze tailerrak burutu ziren. Beasainen ordurarte mugikortasun ikuspegitik egindako lanketarik sakonena izan denak utzitako diagnosiaren ondorioen artean, Beasainen aparkaleku faltarik ez dela adierazten da: erroldatutako ibilgailu kopurua 7.358 da eta aparkaleku publiko eta pribatuen plaza kopurua 10.827.

HMJP-k utzitako datu hauek ikusita, kopuru orokorrak horiek izan arren, urte hasieran udal gobernuak TAO ordenantzaren zirriborroa egituratzen duen aparkaleku egoeraren diagnosi eta esku-hartze plan bat egiteko lana esleitu zuen. 

Aparkaleku azterketaren ondorio nagusiak hiru dira. Lehena, Renfe-ko geltokiaren eraginez Barrendain inguruan aparkaleku-tentsio altu bat sortzen dela, kanpotik datozen autoak eta Oriamendi-Foru-Nekolalde kaleetan dagoen aparkaleku eskaintza murritzagatik. Bigarrena, Gipuzkoa plazako aparkalekua gutxi erabiltzen dela; egunean zehar bataz-beste 65 plaza egoten dira hutsik. Eta hirugarrena, Gernika pasealekuko gune marroiak ez duela espero bezala funtzionatu eta berrikuspen bat eskatzen duela.

Aparkaleku tentsioari dagokionez errealitate desberdinak daude eremuka aztertuz gero. Alde Zaharra, Oriamendi eta Nekolalde kaleetako inguruak eta Ezkiaga auzoa dira egoera kaxkarrena agertzen dutenak. Baina diagnosi osatuagoa egiteko kontuan izan behar da Beasain eskualdeko industria, zerbitzu eta garraio publikoen topagune dela eta ondorioz, egunero ondoko herrietatik iristen diren auto kopurua altua dela. Azken egoera honek, bereziki eragiten du Alde Zaharrean eta Barrendain plaza inguruan.

TAO sektore berria

Egun, Ezkiaga eta erdiguneko TAO sektoreak bereizten diren bezala, ordenantza berriaren zirriborroak hirugarren sektore bat sortzea proposatzen du Barrendain plazatik gora. Hain zuzen ere, Garmendia-Otaola ardatzetik mendebaldera Dolarea parkera arte gelditzen den eremua; Dolarea kalea 12-13 eta Foru kalea 74 izango lituzke muga. Horrela hiru TAO sektore desberdin egongo lirateke udalerrian: Ezkiaga (ZE), egungo erdiguneko TAO eremua (S1) eta proposatzen den eremu berria (S2). Sektoreka banatzearen helburua, egoiliar baimena udalerri barneko desplazamenduak autoz egiteko tresna ez bilakatzea da. Horrela, egoilarrak gune urdinean edo egoiliarren aparkaleku berezietan aparkatu ahal izango dute, beti ere dagokion sektorean.

Ordutegian aldaketa kontziliazioa errazteko

Ordenantzaren zirriborro berrian TAO zerbitzua astelehenetik ostiralera mugatzea proposatzen da, egun dagoen larunbat goiza kanpoan utziz. Datuei erreparatuz, larunbat goizetan inguruko herrietatik jasotzen den aparkaleku presioa ez da azpimarragarria eta ondorioz, ez da zerbitzua ezinbestekoa izaten. Bestetik, ordutegi orokorraren moldaketa proposatzen da; arratsaldean zerbitzua ordu erdi lehenago amaituko litzateke (9:00-13:00 / 16:00-19:30). Beasainen, kontziliazio erantzukidearen ikur den Herrilab proiektuak merkataritza lehenago isteko aukera ematen duen antzera, TAO zerbitzua modu berean 19:30ean amaituko litzateke.

Aparkaleku guneen ezaugarriak

Gune marroia (txandakatze altukoa): lehen 20 minutuak doan izango dira eta gehienez 120 minutu aparkatu ahalko da. Egoiliar txartelarekin ezingo da aparkatu. Gernika pasealekuko frontoi atzea, Barrendain plaza eta Anbulategia.

Gune urdina (txandakatze ertainekoa): lehen 20 minutuak doan izango dira eta gehienez 240 minutu aparkatu ahalko da. Goiz edo arratsaldeko ordutegi blokeak osatzeko aukera. Egoiliar txartelarekin aparkatu ahal izango da, betiere sektore berekoak badira. Erdigunean, S1 eta S2 sektoreetan kokatzen da.

Gune berdea (txandakatze baxukoak, aparkaleku disuasorioak): lehen 20 minutuak doan izango dira eta gehienez 450 minutu aparkatu ahalko da, egun osoa. Egoiliar txartelarekin ezingo da aparkatu. Landa-auzoetako herritarrak salbuespena izango dira. Gipuzkoa plaza eta Gernikako pasealekua.

Gune gorria (Ezkiaga): Orain arte bezala. Ezkiaga auzoko egoiliarren ibilgailuak baino ezin dira aparkatu eta ordutegi berezia izango dute: astelehenetik ostiralera 23:00etatik 08:30era. Ezkiaga (ZE) sektorea.

Egoilarren gunea B-R (berria): S1 edo S2 sektoreetan txarteldun egoiliarrek soilik aparkatu ahal izango dute urte guztian zehar, 24 orduz. S1 sektoreko egoiliarrek ezingo dute S2 sektoreko egoilarren plazetan aparkatu eta alderantziz.

Orain, ordenantzaren lehen bertsioa jarri da jendaurrean herritarren ekarpenak eta iradokizunak jasotzeko abenduaren 14a arte presentzialki IGunean edo online Udalaren webguneko egoitza elektronikoaren bitartez. Iradokizun eta alegazio faseen ondoren, ordenantzaren izapidetzea martxoan amaitzea aurreikusten da.