Uztailaren 2an, goizeko 11:30etatik arratsaldeko 16:30 ingurura, herri barruko ibilbidea itxita egongo da oinezko zein ibilgailuentzat 

Herritarrei egun horretan egin behar dutenari buruzko plangintza aldez aurretik egitea gomendatzen zaie 

Datorren uztailaren 2an, Frantziako Tour-aren bigarren etapa Beasaindik pasako da. Mundu mailako sona duen txirrindularitza proba honek udalerria guztien begietan jarriko du une batez eta hori dela eta herri barruko mugikortasunean murrizketak eragingo ditu.

Hala adierazi dute agerraldian Leire Artola alkateak eta Aitor Escalante udaltzainburuak. Alkatearen esanetan, “maila honetako kirol ekitaldia gure herri barrutik igarotzea gauza handia da. Mundu guztira zabalik dagoen erakusleihoa da eta Beasain une batez hor agerian izango da. Baina honek, lasterketaren antolakuntzak eskatutako neurri zorrotzak betetzera behartu gaitu eta herritarren eta ibilgailuen mugikortasunean eragina izango du”.

Zehaztapenak Beasaingo Udaleko udaltzainburua den Aitor Escalantek eman ditu. Lasterketa Katea auzotik sartuko da; Igartza Oleta, Dolarea, Zapatari, Trenbide, Joan Iturralde, Zaldizurreta eta Ezkiaga etorbidea zeharkatuko ditu Ordiziaruntz abiatu aurretik. Honek errepidea “garbi” uztea eskatzen du. Hargatik, 400 ibilgailu-plaza hustu beharko dira ostiralerako. Hiri-altzariak, edukiontziak eta beste hainbat elementu kendu dira iada. Berdin aparkalekuak, badira egun batzuk hesiak eta ohartarazpenak jarri direla. 

Ibilgailuak uzteko beste toki batzuk egokitu dira. Honela, Adif-eko nasa, CAF lantegiko aparkalekua edo Gudugarreta auzoan Estanda lantegiaren aurreko parking-a.

Ordutegia

Lasterketa pasako den herri barruko ibilbidea goizeko 11:30ean itxiko da. Trafikoa guztiz etenda geratuko da ordu horretan. 12:40 inguruan pasako da lasterketako publizitatea iragartzen duen karabana. Lasterketako txirrindularien tropela berriz, 14:40 aldera pasako dela aurreikusten da. Errepidea gurutzatzeko bi paso egongo dira: Barrendain plazan bata eta Joan Iturralde kalean bestea (Bernedoeneako parkinera joateko). Aurreikusitako ordutegia betez gero, 16:00ak aldera irekiko da berriz errepidea trafikora. Segidan lantaldea izango da hesiak kendu eta hiri-altzariak eta seinaleztapena berriro bere lekuan jartzen. 

Osasun larrialdiak

Behin ibilbidea ixten denetik ezinezkoa izango da herri barruan ibilgailuan ibiltzea. Halaber ezin izango da herritik irten edo herrira sartu. Osasun larrialdiren bat izanez gero zuzenean 112 zenbakira deitu beharko da. Handik kudeatuko dituzte egoera berezi hauek. 

Bestelako zalantzarik sortuko balitz egunotan, Beasaingo udaltzaingoarekin harremanetan jartzeko gomendioa zabaldu dute udal arduradunek egoera bakoitzari dagokion irtenbidea emateko (943 028080). 

Azkenik, herritarrei egun horretan egin behar denari buruzko plangintza aldez aurretik egiteko gomendioa luzatu dute udal arduradunek azken orduko ezustekoak saihesteko.