Europako Mugikortasun astearekin bat eginez, txirrindu aparkaleku kopurua handitu du Udalak eta hauen  konponketarako tresneria duen totem-a jarriko du Ezkiaga auzoan

Zaldizurretako biribilgunea eta Senpere arteko espaloian amaitzear dauden lanek oinezkoen eta txirrinduen elkarbizitza seguruago bat ekarriko dute

Datozen egunetan egongo da eskuragarri autoa partekatzeko ParteCar App-a, bidaien %50eko hobariarekin

Aurtengo Mugikortasunaren astearen amaieran, Beasaingo Udalak honen baitan burututako ekimenekin lotuta egin dituen azken esku-hartzeen berri eman du. Irailaren 15ean Mugikortasun Adimentsu eta Jasangarriaren inguruan burututako Uda ikastaroa eskaini zen Igartzako jauregian. Gai honen inguruan aditu diren erakunde, ikerketa zentro, unibertsitate eta nola ez, enpresen parte hartzea izan zen jardunaldian. 

Izan ere, ezinbestekoa suertatzen da herritarren eskutik pedagogia egin eta gizarte bezala ditugun mugikortasun ohiturak aldatzea aukera jasangarriagoen alde egiteko. Udala gai honek duen garrantziaz jabetzeko eta gizarte bezala kontzientziazioa sortzeko herritarrak mugikortasunaren inguruan sentiberatzen jarraitzeko asmoa du. 

Horretarako baliabide eta tresna fisiko zein digitalak eskura jartzeko helburuz, ParteCar autoa partekatzeko mugikorrentzako udal aplikazioa martxan jarriko du egunotan. Guzti honetaz gain, herri barruko joan-etorrietarako txirrinduaren erabilera indartzeko azpiegiturak indartzen jarraitzen du, baita txirrindularien eta oinezkoen arteko elkarbizitza hobetzeko esku-hartzeak egiten ere.

Aparkaleku gehiago eta totem berria    

Desplazamenduak modu jasangarrienean sustatzeko tresna da txirrindua eta honen erabilera errazteko baliabideak indartzen jarraitzea garrantzitsua da. Beasaingo Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planak bere bidea egiten jarraitzen duen artean, honen diagnosiak txirrinduaren erabilera errazteko aparkaleku berriak non kokatu eta lehendik daudenak kopuruz nola indartu azaldu du.

Irizpide horiek jarraituz, txirrinduak uzteko 80 plaza berri sortu dira udalerrian orain arte zeuden batzuk indartuz, birkokatuz eta zenbait kasutan berriak jarriz. Horretaz gain, orain Igartzan dagoen totem itxurako egitura bezalako beste bat kokatuko da Ezkiaga auzoan. Honi esker txirrinduen konponketak eta mantenu lan arruntak egin ahal izateko tresneriarekin hornitutako bigarren egitura izango da honako hau.

Ekimen hauekin, desplazamenduak burutzeko modu jasangarrienak sustatuz, beasaindarren bizi kalitate hobea bermatzea eta klima aldaketari aurre egitea dira helburu nagusiak.

Zaldizurreta-Senpere arteko plataforma bakarreko espaloia    

Txirrinduaren erabilera sustatzeaz gain, ezinbestekoa da azken hauen eta oinezkoen elkarbizitza egokia bilatzen duten neurriak hartzea. Helburu honekin jaio zen Senpere merkatal zentrua eta Zaldizurretako biribilgunearen artean amaitzear dagoen  espaloiaren birmoldatzea. Elektrizitate banatzaile batek egin behar zituen hoditeri lanak baliatuz, Udalak bertako zoladura eta honen diseinua birmoldatzeko aukera aprobetxatu du.

Irisgarritasun legearekin bat, ezinbestekoa da espaloietan 2m-ko gutxieneko zabalera bermatzea, baina orain arteko espaloiaren diseinuarekin baldintza hauek ez ziren bermatzen. Ondorioz, sarritan oinezkoak bidegorria inbaditu beharrean aurkitzen ziren istripu bat sortarazteko suposatzen duen arriskuarekin. Horretaz gain, bertako maldak bultzatuta, asko ziren gehiegizko abiadura gainditzen zuten txirrindulariak.

Birmoldaketa berriarekin, plataforma bakar bat osatzen da non oinezkoek lehentasuna izango duten eta bizikletak abiadura moteldu behar dute. Zorua hormigoi inprimatu akabera batekin egin da helburu bikoitz batekin: orainarteko labainkortasun baldintzak hobetzea eta duen erliebearen bitartez bizikleten abiadura moteltzen laguntzea. 

Kotxea partekatzeko ParteCar App-ak %50eko hobaria eskainiko du

Autoa partekatzeko zerbitzua eskainiko duen ParteCar App-a laster izango da eskuragarri. Orain arte zabaldu den informazioaz gain, Udalak bidaiko gastuen %50a finantzatuko duela jakinarazi du, beti ere promozioa bukatzen den arte. Honekin erabiltzaileak erakarri nahi dira ibilgailu pribatua ezinbestekoa den kasuetan, ahalik eta modu jasangarrienean erabiltzeko.

IMG 9153