Jasotako datuak eta herritarren parte hartzearen bidez garatutako diagnostikoaren zirriborroa partekatuko da ekainaren 29an Igartzako jauregian egingo den tailerrean

Halaber, tailerraren helburua diagnostikoa ekarpen berrien bitartez osatzea izango da behin-betiko dokumentua amaitzeko

Beasaingo Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana (HMJP) iritsi da bere lehen fasearen amaierara. Egungo egoeraren diagnosi zirriborroa egin da eta udalerriko mugikortasunarekin zerikusia duten alderdi orokorren herritarren balorazioa jaso da. Alde batetik, udalerriko egoerari buruz dagoen iritzia ezagutu da mehatxuak eta aukerak hautemateko joan-etorriak egiteko modu desberdinei buruz (oinez, bizikletaz, garraio publikoa, ibilgailu pribatua). Bestetik, kalean bertan egindako inkesten bidez balorazio kuantitatiboak jaso dira, herritarrek udalerrian duten mugikortasunaren balorazioa egiteko. 

Burututako ekimenak ibilgailuen trafikoaren neurketa eta herritarrei zuzendutako inkestak izan dira. Herriko sarreratan ibilgailuen joan-etorrien kopurua neurketak egin dira eta norbanako, elkarte, eragile orori egindako galdeketen datuak bildu dira. Honekin batera, beste hainbat datu jaso dira; aparkamenduen plaza kopurua tipologiaren arabera eta hauen okupazio maila, bidegurutzeen kategorizazioa, oinezkoen pasabideetako egoera, seinaleztapena eta irisgarritasuna, garraio publikoko geltokien inbentario eta balorazioa, bizikleten aparkaleku eta ibilbideen inbentarioa etab. 

Guzti hau diagnosiaren fasea osatzeko burutu den lanketa izan da eta orain diagnosi horren kontraste eta lanketa etorriko da herritarrekin. 

Bigarren fasea: lanketa tailerra eta behin-betiko diagnosia

Esan bezala, tailerrean partekatuko dena ez da behin-betiko dokumentua. Izan ere, saioaren helburu nagusietako bat diagnosia osatzea izango da, bertan jasoko diren eskaera eta kezkak isladatuz. Horretarako, Mugikortasunarekin harreman zuzena, interes berezia edota euren aktibitateak honekin zerikusia duten Udalerriko eragile, entitate, elkarte eta herritar orori gonbitea luzatzen die Udalak.

Aldi berean, aurreikusi daitezkeen esku-hartze nagusien inguruko informazioa ere zabalduko da.

Datorren asteazkenean, ekainaren 29an, 18:00etatik aurrera, Igartzako jauregian burutuko da tailerra.

Hurrengo urratsak 

Hirugarren fasean, helburuak eta etorkizuneko agertokiak baloratuko dira. Eragile bakoitzaren lehentasunak ezagututa, plana eta proposatutako neurriak haiekin kontrastatzea bilatuko da hasierako eskakizunak eta helburuak bete diren jakiteko.

Azken jarraipen-fasean, eragile horien iritziak ere txertatuta egon beharko dute. Jarraipen- eta ebaluazio-planaren unea izango da.

Udalak martxan dituen helburuen baitan, etorkizuneko estrategiak zehazteko eta planifikatzeko, desplazamenduak modu jasangarrienean sustatzeko tresna izango da. Oinez, bizikletaz, eta garraio publikoan, gizarte kohesioa eta ingurumenaren babes eta defentsan oinarrituz, udalerrian bizi, lan egin edo edonolako aktibitatea garatzen dutenen bizi kalitate hobea bermatzea izango du xedea.

Honela, garraio eraginkorragoak, irisgarritasuna, osasun baldintzak, segurtasuna eta mugikortasun eredu jasangarriagoak bultzatzea da helburua. Mugikortasun jasangarrirako plana, mugikortasunaren arloan parte hartzeko eta erabakiak hartzeko prozesu tekniko eta soziala da eta honen gauzatzea fase ezberdinetan zatitua dago.