Mugikortasun jasangarriaren alde, txirrinduaren erabileran eragiteko asmoz eraberritutako azpiegitura izatea nahi du Udalak

Igartzako futbol zelaian kokatuta dagoen garbigunea handitu eta konponketak egiteko tresneria duen egitura kokatu da  

Igartzako udal futbol zelaiaren ondoan dagoen bizikletentzako garbigunea eraberritu du oraintxe Udalak. Mantenu eta hobekuntzei ematen dien garrantzia aintzat hartuta, herritarren zerbitzura dagoen beste udal azpiegitura baten baldintzak hobetu dira. Kasu honetan txirrinduentzako garbigunean hobekuntza eta egokitzapen osagarriak burutu dira. 

Egin diren hobekuntzen artean bizikletan garbitzeko espazioa bikoiztu egin da bizikleta bat baino gehiago une berean garbitu ahal izateko. Urak eragin ditzakeen filtrazioez ormak babesteko isolamendua jarri da eta ura presioz botatzen duten bi mahuka jarri dira txirrindu bat baino gehiago une berean garbitu ahal izateko. Honetaz gain, totem itxurako egitura kokatu da konponketak eta mantenu lan arruntak egin ahal izateko tresneriarekin hornituta. 

Bizikletaren garrantzia mugikortasunean

Garbigune berrituaren xehetasunak ematen Leire Artola alkatea eta Adur Ugartemendia Lurraldea saileko batzordeburua izan dira. Bertan alkateak kirol jarduerarako bizikleta erabiltzeaz gain, mugikortasun astea dela aprobetxatuz, mugikortasun jasangarriago baten alde eginez txirrinduaren erabilera balioan jartzeko azpiegitura bat dela aipatu du. “Bizikletari eman nahi diogun hierarkia horretan, mugikortasun jasangarria bultzatu eta sustatzeko garaian, txirrinduak duen garrantzia nabarmendu nahi dugu, garraiatzeko baliabide honen erabilera indartu, sustatu eta erabilera bultzatzeko helburuz”. 

Bai alkatea eta baita Lurralde saileko batzordeburua pozik agertu dira azpiegitura berrian egindako lanekin. Bizikleten erabiltzaileen beharrak asetzeko adina hobekuntza egin direla aipatu dute, konponketak egiteko tresnen egitura esaterako, eta horretaz gain konfiantza dute gune hau egoki erabiliko dutela eta herritarrek zaindu egingo dituztela. Honi lotuta Adur Ugartemendiak aipatu du udalerrian egindako azterketaren ondotik bizikletak uzteko aparkaleku berrien kokapenak aztertzen ari direla eta aurrera begira horien beharra atzeman den lekuetan jarriko direla. 

Mugikortasun plana

Halaber, bi udal agintariek hurrengo asteko gobernu batzordean onartuko den Mugikortasun plana burutzeko oinarrien helburu nagusiak aurreratu dituzte. 

Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planak, udalerri baten barruan desplazamendu modu jasangarriagoak (oinez ibiltzea, bizikleta eta garraio publikoa erabiltzea) ezartzea helburu duten jarduera multzo batez osatua egongo da; hau da, hazkunde ekonomikoa, kohesio soziala eta ingurumenaren defentsa bateragarri egingo dituzten garraiobideak ezartzea izango du xede, horrela, herritarren bizi-kalitate hobea bermatzeko. 

Udal gobernuarentzat, bizikletazko bidea hiriko ibilbide laburretan aukera onena bezala bultzatzeko, lehentasunezkoa da emisiorik gabeko garraio baterantz joatea, zero isurpeneko eszenatoki baterako trantsizioa erraztuz.

Mugikortasun Plana udalerri barruko mugikortasun-motak planifikatzeko eta garatzeko tresna estrategikoa bilakatuko da. Lau ardatzetan oinarrituko da; oinezkoen mugikortasuna, txirrindu bidezko mugikortasuna, trafikoaren arintzea eta garraiobide pribatua publikoruntz bideratzea.

bizikleta garbigunea 7

bizikleta garbigunea 10

bizikleta garbigunea 8