Beasaingo Udalak haur eta gaztetxoei zuzendutako uda sasoiko aisialdirako eskaintzak bere helburua bete du: euskararen erabilera eta ezagutza sustatu eta familien kontziliazioan eragin 

Beasaingo Udalak 2023ko udarako antolatu dituen aisialdiko udalekuak emaitza positiboa utzi dute. Bai udal arduradunak eta bai udalekuen antolatzaileak pozik agertu dira balorazioaz. Haur eta gaztetxoen artean euskararen jakintza eta erabilera oinarri duten aisialdiko udalekuetan 58 neska-mutilek hartu dute parte guztira (28 neska eta 30 mutil). Adin tarte ezberdinetan banatuta bi udaleku mota izan dira antolatu direnak. Alde batetik udaleku itxiak, 9-13 urte arteko haurrei zuzenduta, Lekarozen burutu dena. Eta bestetik, udaleku irekiak, LH1 eta LH5 mailetako ikasleak bildu dituena eta Murumendi eskolan garatu dena.

Beasaingo Udalak euskarazko udalekuak antolatzerako garaian, haurren artean euskararen jakintza eta erabilera indartzeko helburuari lehentasuna ematen dio. Baina bada helburu honi lotuta ere eskola ikasturtea amaituta opor garaian familien kontziliazioan lagunduko duen udaleku zerbitzua eskaintzea. Kontziliazioa erraztuz, gizonen eta emakumeen artean arduren banaketan eragin eta berdintasuna bultzatzeko helburua betetzera dator udal ekimen hau. 

Naturaz gozatu giro euskaldunean

Aurten, udaleku itxiak Lekarozko “Valle de Baztan” Gazte-aterpetxean (Nafarroa) burutu dira uztailaren 17tik 26ra. Orotara, 9-13 urte bitarteko 39 haur izan dira Baztango herri honetan (18 neska eta 21 mutil).  Euskara hobetu, erabilera indartu eta naturaz gozatzeko aukera ederra izan dute parte hartu duten neska-mutil beasaindarrek. Burutu dituzten ekintzen artean, eskalada ikastaroa, talo tailerra, Conquis goiza, orientazio jolasa, igerilekura irteera eta Triatloia Maite Dut goiza egon dira besteak beste. 

Aterpetxeak eskaintzen dituen azpiegiturez gain, Lekaroz herria eta inguruko natur parajeak ezagutzeko aukera ere izan dute udalekuetako parte hartzaileek. 

Udaleku irekiak Beasainen

Bide batez ere, eskolen opor garaian familien kontziliaziorako lagungarria izan den beste eredua udaleku irekiena izan da. Hauek, familiek eta hezkuntza-komunitateak udalarekin mantentzen duten elkarlanari esker, Murumendi eskolan antolatu dira. Ekainaren 22tik uztailaren 21era goizez burutu dira eta LH1 eta LH5 ikas-mailetako 19 haurrek parte hartu dute (10 neska eta 9 mutil).

Ekintza gehienak eskolan bertan egin badituzte ere, (ur-jolasak, dantza, aisialdiko-jolasak, salto-gela eta abar) Oiartzunera irteera egin zuten eta baita Dolarea parkeko ur-jolasetara. Ekimen honekin ere gustora izan dira antolatzaile zein hezitzaileak. 

Finean erantzuna ona izan da. Gainerako onura edo alderdi positiboak azpimarratzeko garaian ezin alde batera utzi udal udalekuek gaztetxoengan eragina dutenak. Izan ere, oporraldiez gozatzea errazteaz gain, autonomia eta bizikidetza bultzatzen dute. Aisialdi hezitzailea sustatuz, herria eta ingurune naturalera hurbiltzen eta ingurumena errespetatzen ere laguntzen dute. 

Murumendi web

udalekuak 2023 Lekaroz 2 web