Arteria proiektuaren baitan, artelanaren helburua ikasle, irakasle eta eskola komunitatearen arteko parte hartze prozesuaren bidez, haurren giza eskubideen inguruan sentsibilizatzea da 

Beasaingo Murumendi Eskola publikoak maiatzaz geroztik eraikinaren aurrealdea apaintzen duen mural koloretsu eta adierazgarria dauka. Arteria proiektuari esker sortu den hormirudia giza eskubideen lanketa sakon baten ondoren gauzatu da. Murumendi ikastetxeko murala, Dar-Dar gizarte ekimenezko kooperatibak, ikastetxeekin daramaten Arteria proiektuaren lanketaren ondorioa izan da. 

Arteria proiektuak artearen bidez giza eskubideen inguruan sentsibilizatzea du xede. Kasu honetan ikastetxeekin gai honen inguruan egindako hausnarketa eta sorkuntza izan da aipatutako margolana. 

Parte hartzearen bidez

Artea haurren giza eskubideekin lotzeko abiapuntutik sortu zen eskolatik gertu gelditzen den horma batean murala egiteko nahia, eta hala proposatu zen. Eskolako batzorde Pedagogikora eraman zen ideia eta proiektu honetan parte hartzearen aldeko jarrera azaldu zen. 3. zikloko ikasleekin lantzeko gai egokia iruditu zen, alde batetik giza eskubideen gaia baloreak arloan lantzen delako eta bestetik Arte hezkuntzan sormenari eta talde lanari leku handia ematen zaiolako. Honela, Lehen Hezkuntzako seigarren mailako lau geletako ehun haurrek hartu zuten parte eginkizunean. 

Honetaz gain, Arterirari esker Goierri eskualdeko sortzaileekin lan egiteak eta beraien lana balorean jartzea balio erantsia eskaini dio egiasmoari. Hartara, bilera baten ondoren, Aizpea Lasa Muxika diseinatzaile grafikoa muralaren diseinuaz arduratuko zela erabaki zen. Lanari gogotsu heldu zitzaion 2022ko otsailean.

Lanaren prozesua

Lehenik gela bakoitzean lau saio burutu ziren giza eskubideen betetze maila aztertuz eta kartulina batean ideiak taldeka irudikatuz. Talde lan hau oso aberasgarria suertatu zen. Ikasleek lehengo momentutik beraien ahotsak erabili zituztelako gaiari kontestua emateko eta hitzetan adierazten zutena irudiekin lotzeko.

Ondoren diseinatzailearen lana etorri zen eta geletan landutako irudietatik abiatuta, hormaren tamaianara eraman zituen ikasleen ideiak. 

Lan honetan Alaia Martin bertsolaria ere bidelagun izan da. Bertsolaritza saioetan ikasleekin koplak sortu zituztelako eta muralean adierazita dauden hitzak josten lagundu zuelako. 

Maiatzean muralaren lanarekin hasi ziren. Aizpeak kartoizko txantiloiak prestatu eta ikasle talde batek marrazketa lana egin zuen. Aurrez, eskolako guraso talde batek horma urdinez margotzeko ardura hartu zuen bere gain.

Hurrengo egunetan, 5-6ko taldeetan antolatuta, ikasleak aritu ziren ordubeteko tartean margoketa lana egiten. Egunetik egunera hormairudia koloretsu eta bizi bihurtzen joan zen. Lanean ere parte hartu zuten eskola komunitateko beste hainbat kidek: guraso, irakasle eta atezainak.

Helburuak beteta

Helburuak bete direla esan daiteke, are gehiago gogobetea izan da. Eskola komunitatean utzi duen arrastoa oso garrantzitsua izan da, kolektibitatearen eta elkarlanaren adierazgarria izan delako. Aipatu ere euskararen erabilera indartzeko balio izan duela ekimenak, haurrak euskaraz aritu dira lana egiten zuten bitartean, langune euskalduna bihurtuz. 

Guzti honetaz gain, hiri paisaia aberastu egin da auzoan. Bizigarritasuna eta ikusgarritasuna eman zaio horma ilun eta utzi bati. Udalari esker, bere finantziazioaren bitartez burutu den lana izan da.

IMG 20211227 111105 IMG 20220512 093848

IMG 20220513 101526 murumendi hormairudia 4

murumendi hormairudia 3 Ezarritako plaka