Idazle gazteen sormena eta euskara lotzen dituen bekak bere XXV. edizioan parte hartzeko oinarri eta baldintzak argitaratu ditu

Gazteen euskarazko literatur sormena saritzen duen bekak bere 25. edizioa beteko du aurten. Zenbaki borobila eta mende laurdeneko bizia betetzeak izango du aurten Beasaingo Udalaren aldetik ospatzeko modu berezia baina une honetan albistea lanak aurkezteko epea ireki dela da. 

Beasaingo Udalak, Beasaingo CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) enpresaren babesarekin eta ELKAR argitaletxearen laguntzarekin, euskal kultura zabaldu eta idazle gazteen lanari laguntza emateko asmoz sortutako beka da hau. Esan bezala, idazle gazteentzako aurtengo Igartza literatura-sorkuntzarako bekak irekita dauka proiektuak jasotzeko epea. Oinarriak Udalbatza osoaren oniritzia jaso eta argitaratu ostean, idazle gazteek ekainaren 30era arte dute euren proiektuak aurkezteko epea. 

XXV. edizioan parte hartzeko baldintza nagusiak hauek dira: 35 urte bete gabe izatea, aurretik lan argitaraturik izatekotan helduentzako bi liburu baino gehiago ez izatea, aurreko edizioetako Igartza Beka sariaren titularra ez izatea, narratibako lanak izatea -eleberria  edo ipuin-bildumak- eta lanak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izatea.

Edizio honetarako epaimahaia Oihane Amantegik, Irati Jimenezek eta Garazi Kamiok osatuko dute. Proiektuak aurkezteko udaletxeko sarrera erregistro ofizialean edo on line erregistro elektronikoa erabiliz www.beasain.eus helbidean egin beharko da. Jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien artean irabazlea zein den epaimahaiak erabakiko du 2022ko irailean. Bekaren diru kopurua 6.000 eurokoa izango da.

Martxoaren 17an liburu aurkezpena

Igartza literatura bekak bi hitzordu nagusi izaten ditu urtean; bata liburu irabazleak argia ikusten duenean eta bestea bekaren irabazlea jakinarazten denean. Izan ere bekaren irabazlea jakitean honek ia urtebeteko epea izaten du proiektua garatu eta ontzeko. Hori horrela, datorren martxoaren 17an, arratsaldeko 19:00etan aurkeztuko da Maddi Ane Txoperenaren “Ez erran inori” liburua, XXIII. edizioko irabazlea. Bestalde, une honetan lantze eta ontze bidean dago Olatz Mitxelena oiartzuarraren "Arrakalak” lana, XXIV. edizioko irabazlea.

Informazio gehiago