Kalitate goreneko zortzi emanaldiz osatua dagoen lehen seihileko egitarauan Olatz Zugasti, Txomin Artola edo Bilboko txistulari bandaren emanaldiak aurkitzen dira

Zikloak zazpigarren urtea betetzen du egonkor dirau eta  Musikenerekin elkarlanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du Udalak

Beasaingo Udalak kultura eta musikaren aldeko apustu sendoaren konpromisoari eutsiz 2022 urteari dagokion Igartza Musika Programaren lehen sei hilabeteko egitaraua aurkeztu du Igartzako jauregian. Ohi bezala lehen sei hilabeterako antolatu diren ekitaldiak aurreratu dituzte udal agintari eta antolatzaileek. Beasaindarrak eta bereziki gazteak, musikara erakarri eta gerturatzeko asmoz alor, estilo eta joera anitzeko egitaraua aurkeztu dute Leire Artola alkateak eta programa egituratzeko ardura duten Xabier Sarasola eta Arantxa Gastesi Loinatz Musika Eskolako arduradunak.

Programa egonkortua 

Udal gobernuak martxan jarritako Igartza Musika Programa urtez urte egonkortzen joan den egitasmoa izan da. Leire Artola alkatearen hitzetan “zazpigarren ediziora iritsita Igartza Musika Programa publikoaren eta musikarien artean izen propioa izatera iritsi da. Erreferentzietako bat bada musikazaleen artean, herrian duen onespena lortzetik, herritik kanpora ere ezaguna izatera pasa da. Ibilbide honetan badira jada 110 kontzertu eskaini direnak Igartzan zein herriko beste guneetan. Bertatik 15.000 ikus-entzule pasa dira eta orotara kantari, abesbatza eta musikarien artean 1.600 pertsona igo dira oholtzetara”. 

Alkatearen esanetan, funtsean Igartza Musika Programak bere helburuei eusten die. Musika zaletasuna herritarrei zabaltzeko helburuarekin herriko gune gehiagotara zabaltzen joan dira emanaldiak egun Covid 19aren hedapena eteteko neurriak gordez, Igartzako jauregiaz aparte, herriko parrokiak, Usurbe Antzokia, edota Erauskin plaza eraberritua. Musikenerekin Udalak duen hitzarmen-lankidetza beste urte batez berritu du. Honi esker, Igartza Musika beka ekitaldian Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiak aukeratutako ikasleek parte hartuko dute. Bi aldeek adostu bezala iazko bekaren irabazleak emanaldia eskainiko dute 2022ko  lehenengo ziklo honetan Igartza Musika Programaren baitan eskaintzen diren kontzertuen barruan.

Lehen mailako euskal musikariak Beasainen

Egitaraua irekiko duen lehen emanaldia Pello Ramirezek eskainiko du. Gertukoa dugu Pello, akordeoilari eta biolontxelo jotzaile ordiziarrak urtarrilaren 30ean eskainiko du kontzertua Nacho Soto piano jotzaileak lagunduta. Igartzako jauregian izango da arratsaldeko 19:00etan. Sarrera-gonbidapenak aldez aurretik eskuratu beharko dira udalaren webean agendan dagoen galdetegia betez. 

Otsailaren 11an, Usurbe antzokian 20:30ean Olatz Zugastiren emanaldia izango da, ekitaldi guztien artean sarrera ordaindu beharko den bakarra, 12 euro. Ander Ederra (gitarrak), Ander Zulaika (bateria eta perkusioa), Amaiur Cajaraville (baxua) eta Gratxina Lertxundi (teklatua, flauta eta ahotsak) izango ditu ondoan.

Martxoaren 6an, Igartzako jauregian Txomin Artolak eskainiko du kontzertua. Arratsaldeko 19:00etan izango da. 

Igartza Musika Bekaren azken edizioko irabazleak eskainiko duten kontzertua martxoaren 20an izango da. Egitarauko emanaldi gehienak bezala arratsaldeko 19:00etan izango da. Gradu bekaren irabazlea izan zen Juan Carlos Luna klarinete espezialitatean eta Master bekako irabazlea Johan Alexander Rivas kontrabaxu espezialitatean, Igartzako jauregian izango dira euren onena eskaintzen. 

Apirilaren 3an, Igartzako jauregian Jon Aizpururen zuzendaritzapean Loinatz abesbatzaren kontzertua izango da. Hau ere arratsaldeko 19:00etan izango da. 

Apirilaren 24an Le Quartet Ideal izeneko laukotearen emanaldia izango da. Batura zikloarekin bateginik, euskal diasporan sortutako musika berreskuratzea helburu hartuta eskainiko den kontzertua izango da. 

Maiatzaren 15ean, Igartzako jauregian 19:00etan Bilboko Txistulari Bandak kontzertua eskainiko du, eta lehen seihileko egitarauarekin amaitzeko, ekainaren 10ean, Marcos Salcines Trio taldearen txanda iritsiko da. Marcos Salcines (pianoa), Ion Dorregarai (baxu elektrikoa) eta Dani Dominguez (bateria) dira taldea osatzen duten musikariak. Kontzertua gaueko 22:00etan hasiko da Igartzako jauregian. 

Antolatzaileek amaitzeko adierazi dute osasun egoera aldakorra denez zehaztasunak uneoro web orrian argitaratuko direla eta kontzertuen datak gerturatu ahala honen kontsulta egiteko. Emanaldi guztiak doan izango dira Usurbe antzokiko Olatz Zugastiren kontzertua ezik. 

argazki 5