Loinatz jaiak ospatu ez arren, udal arduradunek kultur programazioa indartu dute ekitaldi kopurua handituz eta aldi berean ekitaldi horietara joateko prebentzioa eta segurtasuna areagotuz

Covid 19ak eragindako pandemiak gure gizartean gaur egun eragiten ari den kaltea kontutan izanik, Loinatz jaiak burutzea ezinezkoa dela berretsi da. Dena den, Udal arduradunek ohiko kultur programazioari eutsi izanaz gain, osasuna babesteko beharrezkoak diren segurtasun eta prebentzio neurriak betez maiatzeko kultur eskaintza eta ekitaldien agenda indartu egin du. 

Beti ere, Osasun Publikoak adierazten duen moduan, segurtasuna eta osasuna babesteko arauak betetzen direla bermatu . Alegia, espazioen edukiera, higienea, distantziak eta ezarritako gainontzeko neurriak betetzen direla ziurtatuz. 

Kulturako profesionalak babestuz

Udal arduradun eta agintariek kontuan hartu duten beste alderdi bat kultura sektoreak bere baitan dituen profesionalak dira. Askotan imajinatzea zaila den arren, kulturak lanbide askotako profesionalen beharra du eta hauei lana ematen die. Pandemiak eragindako egungo krisiak gogor kolpatu du sektorea eta haren menpe dauden profesional guztiak.

Horregatik, kultur programazioa indartzeko ahaleginak artista eta sortzaileen lana bultzatzen du, baina baita jarduera horren barruan oso garrantzitsuak diren beste lanbide batzuk ere, esaterako argiztapen- eta soinu-teknikariak, ekoizleak, atrezzoaren arduradunak, jantzienak eta abar.

Pandemiak baldintzatuta, kultur ekitaldiak egingo diren espazioak egokitu dira, horretarako aproposak direnak aukeratuz. Horrela, Gernika pasealekuko pilotalekua egokitu egingo da programatutako ekitaldi gehigarriak har ditzan, segurtasun tarteak eta prebentzio arauak bermatu daitezen.

Ekitaldi ugari publiko orori zuzenduta

Guztira, 20 ekitaldi antolatu dira maiatzerako. Dantzarekin lotutako bost emanaldi eta dokumental bat, hiru antzezlan, kaleko beste hiru antzerki saio, sei musika kontzertu, erakusketa bat eta bertsosaio bat dira programatu diren ekitaldiak.

Haur eta familientzat, helduentzat eta gazteei zuzendutako orotariko ekitaldiak dira guztiak. Pailazoen emanaldiak (Takolo, Pololo eta Elena Madalena; Txintxeta klipa eta Txorroskilo pailazoak) eta Musikarium ikuskizuna txikienentzat. Antzezlanei dagokionez "Antigone" (irakurzaletasuna sustatzeko egitarauan txertatua), "Frontona", "Urbasa" eta “Turistreatzen” izenekoak eskainiko dira. Dantza ikuskizunei dagokionez “Verdini”, “Maurizia naiz” eta “Jantzari” izeneko dokumentala eskainiko dira eta dantza saioei batuko zaizkie jaietan egin ohi diren haurren, agintarien eta helduen sokadantzak. Musika kontzertuak ere izango dira talde hauek eskutik; Tempora, Tutti Jazz, Oh Sister, Neomak, Francisco Escudero kontserbatorioko orkestra eta Loinatz Musika Eskolako banda eta perkusio taldea.

Agendaren kontsulta

Ekitaldiek aforo mugatua izango dutenez, aldez aurretik gonbidapenak hartzeko aukera egongo da Udal bibliotekan. Udal arduradunek gogorarazi nahi dute, ekitaldien egunak, ordutegia eta tokiei buruzko informazio zehatza eta eguneratua, beasain.eus udal webgunearen agendan aurkitu daitekela. Agendan adierazi da noiz hartu ahal izango diren emanaldi bakoitzerako gonbidapenak. Telefono mugikorraren erabiliz, Beasain aplikaziotik ere informazio berbera eskuratu daiteke.

Honekin batera, hileroko agenda pdf formatuan deskargatzeko aukera ere badago. Maiatzari dagokiona hil honen amaieran egongo da eskuragarri, eta udalaren sare sozialetatik, webgunetik eta aplikazioaren bidez eskuratu ahal izango da.