Aurten zortzi antzezlan eskainiko dira, zazpi euskaraz eta bat gazteleraz baina euskarazkoetatik bi gaztelaniaz bigarren emankizun batekin errepikatuko dira

Sarrerak 12 euroan jarriko dira salgai eta ziklo osorako abonua 72 euroan eskuratu ahal izango da urtarrilaren 7a baino lehen

Antzerkia oro har eta euskaraz egindakoa bereziki bultzatzen jarraitzea du helburu Beasaingo eta Ordiziako Udalen arteko elkarlanari esker XXVIgarrengoz antolatu den “Antzerki Garaia” egitarauak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzoki Sarearen lankidetzarekin antzerkia hedatu eta ikusleak erakartzeko denboraldi honetarako egitarau erakargarria antolatu dute bi udaletako kultura sailek.

Beasaingo Usurbe antzokian egindako aurkezpenean bi udaletako kultura zinegotziak izan dira edizio berri honen xehetasunak azaltzen. Beasaindik Xabier Matarranz eta Ordiziatik Lander Mujika. Lankidetza honen helburuak aurreko ekitaldietako berberak izaten jarraitzen dute: batetik, antzerki errepresentaziotara joateko ohitura sustatzea; eta bestetik, publiko berria erakartzea, gazteak batik bat. Lan horri ekiteko ezinbestekoa gertatu da borondateak batzea eta ahaleginak koordinatzea.

Aurtengo edizioari dagokionez 8 antzezlanek osatzen dute egitaraua. Horietatik bat izango da soilik gaztelaniaz. Hala ere zazpi horietatik bik bigarren saio bat eskainiko dute gaztelaniaz. Antzezlan horiek Moko Zorrotza (Mandibula afilada) eta Simplicissimus izango dira.

Aipatu edizio honetan ikuskizunetarako sarrerak 12 euroan izango direla salgai emanaldi bakoitzeko. Denboraldi osorako abonuaren salneurria 72 eurokoa izango da eta hau erosteko epea urtarrilaren 7a arte egongo da zabalik. Antzezlan beraren bi saioetan abonatuei euskarazko saiorako gordeko zaie lekua. Salmenta lekuak Ordiziako Herri Antzokiko leihatila eta Barrena jauregia eta Beasainen Usurbe antzokia izango dira. 10 sarrera baino gehiago eskuratu nahi dituzten talde bereziek prezio berezia izango dute, 10 euro, eta dagokion udaleko kultura sailean eskuratu beharko dituzte.

Antzerki taldeak eta obrak aukeratzeko garaian kontutan hartutako irizpideak kalitatea, muntaia, hizkuntza, konpainiaren eskarmentua eta obren arrakasta izan dira.

Programazioa

Antzezlan guztiak gaueko 22:15ean eskainiko dira. Bi saio dituztenak lehena 20:00etan izango da.

Beasaingo Usurbe antzokian zabalduko da esan bezala 2020ko “Antzerki garaia”ren egitaraua. Lehen emanaldia, “Utzi zure mezua seinalearen ondoren” antzezlana izango da euskaraz. Astebete beranduago urtarrilaren 17an Ordiziako Herri Antzokian “El gran crucero” eskainiko da, hau izango da gaztelaniaz soilik izango dena.

Otsailaren 14an Ordiziako Antzokian “Giltzadun etxea” obra antzeztuko da euskaraz eta 21ean “Moko Zorrotza” (Mandibula afilada) antzezlanak bi saio izango ditu; 20:00etan euskaraz eta 22:15ean gaztelaniaz.

Martxoaren 6an “Ene bai!” obra izango da Ordiziako Herri Antzokian euskaraz eta 13an Beasaingo Usurbe antzokian “Igel euria”, hau ere euskaraz.

Apirilarekin itxiko da “Antzerki Garaia” egitaraua. Hil honen 4an “Simplicissimus” lana eskainiko da20:00etan gaztelaniaz eta 22:15ean euskaraz. Apirilaren 24an egitaraua itxiko duen antzezlana “Harri orri har” izango da Ordiziako Herri antzokian.

Antzerki Garaiaren pdf egitaraua (9.04 MB) Ordizia eta Beasaingo etxe guztietan banatuko da eta bi udaletan eta antzokietan ere eskuratu ahal izango da.   

aurkez antzer garai 0