Maiatzeko parte hartzaileen artean egindako zozketan, Lierni Agirre Yurrita izan da sariaren irabazlea

Martxoan hasitako “Irakurri, gozatu eta oparitu” kanpaina maiatzeko sari ematearekin itxitzat eman da. Lierni Agirre Yurrita (49 urte) izan da 30 euroko erosketa txekea jaso duena Xabier Matarranz kultura zinegotziaren eskutik.

Martxotik maiatzera luzatu den “Irakurri, gozatu eta oparitu” kanpainak, euskarazko irakurzaletasuna bultzatzea, euskarazko literatura ezagutaraztea, eta era berean, herritarrak bibliotekara hurbiltzea izan ditu helburu. Horretarako opariak eta deskontuak banatu dira Udal bibliotekan euskarazko liburuak mailegatu dituztenen artean. Modu honetan ere, bibliotekaren erabiltzaile kopurua handitzeko ahalegina egin da.

Kanpaina honen baitan parte hartu duten guztiek, Udal bibliotekan mailegatutako euskarazko liburu bat irakurtzean, liburuari buruzko fitxa bat bete eta erosketarako %35ko deskontu txartela jaso ahal izan dute Mirentxu liburu-dendan erosteko. Horretaz aparte, hilabeteko parte hartzaileen artean 30€ko erosketa txekea zozketatu da apirilean eta maiatzean.

Oro har kanpainan parte hartu dutenak guztira 60 pertsona izan dira. Denek bete dute irakurritako liburuaren inguruan banatutako galdetegia edo fitxa. Horietatik, 49 emakumezkoak izan dira eta 11 gizonezkoak.