Udalaren babes eta laguntzarekin antolatzen den jaialdiaren arduradunek urriaren 26 eta 27ko egitarauaren azken xehetasunak aurkeztu dituzte

Jaialdi integrala eta Gipuzkoan erreferente izatea lortu duena. Halaxe definitu du Xabier Matarranz kultura zinegotziak Jazpana Fest jaialdia bere X. edizioaren aurkezpenean; integrala musikaren inguruan beste hainbat ekintza ere biltzen dituelako. Udal arduradunaren iritziz, musika alternatiboan bederen nortasun berezia izatea lortu duen jaialdia izatera iritsi da. Gazteen aukerak babestuz eta bultzatuz, doan den jaialdi bakarrenetakoa da Beasainen ospatuko dena, urtero lez urriko azken asteburuan Bernedoeneako aparkalekuan.

Igartza Musika programaren baitan Aitor Etxeberriaren emankizuna txertatu dute jaialdian eta berdin Aldundiak musikari berriei aukera berriak eskaintzkeo Katapulta programaren baitan Voltaia eta Serrulla taldeak. Boluntarioen lana eskertuz Olarius dj eta musikaria zenaren omenezko bazkaria ere nabarmendu dute antolakuntza taldeko Pablo Sanchezek eta Diego Gomezek egitarauaren beste hainbat xehetasunen artean.

JAZPANA Elkarte kulturalak iraila bukaeran eta urri hasieran zehar aurkeztu zituen aurtengo edizioaren kartela eta bideoa. Kartelaren diseinua eta bideoa “Wallijai multimedia studio”-k egin ditu aurreko edizioetan bezala. Bideoa, berriz, Bira Produkzioak etxe sortu berriak egin du eta JAZPANA! Fest-ren webgunetik  edota jaialdiaren sare sozialen bitartez ikus daiteke.

Aurtengo edizioan honako taldeek eskainiko dituzte kontzertuak. Ostiralean gaueko 21,30etik aurrera: Pho-Bo, Giante, Voltaia (Katapulta Tour Gipuzkoa 2018), Toundra, La URSS eta Lie Detectors. Larunbatean aldiz, arratsaldeko 19:00etan hasita, honako taldeen kontzertuak ikusteko aukera izango da: Noir Socha, Serrulla (Katapulta Tour Gipuzkoa 2018), Jamie 4 President, Aitor Etxebarria, The Manilas, The Limboos, Rufus T. Firefly, Vulk, eta El Txef-en jaialdia ixteko. Web gunean iada ikus daiteke kontzertu bakoitzaren ordutegia.

Larunbatean, duela bi urtez geroztik familiei zuzendutako ekimena antolatzen da. Arratsaldeko 17:30ean Trakamatraka konpainiak bere saioa eskainiko du jaialdiaren gunean dagoen karpa txikian. Aldi berean, bai ostiralean eta bai larunbatean jaialdiaren gunean bertan afaltzeko aukera eskainiko duen Food Truck gunea izango da, eta baita afaltzeko tokia izateko karpa bat ere.

Aurten ere online denda zabalik izango du Jazpana Elkarte Kulturalak JAZPANA! Fest jaialdiaren antolaketak sortzen dituen gastuei aurre egiteko alde batetik, eta jendeari jaialdiaren merchandising-a eskuratzea ahalbidetzeko. Aurtengoan poltsak, katiluak, kamisetak, haur bodyak... erosteko aukera izango du jaialdiaren laguntzaile izan nahi duen edonork. Dendara web gunearen bitartez edota web gunetik sartzeko aukera dago.

Azkenik, Jazpana Elkarte Kulturalak eskerrak eman nahi dizkie jaialdian esku bat botatzeko prest agertu diren guztiei, baina oraindik jaialdia aurrera ateratzeko lanetan bete gabeko hutsuneak daudenez, deialdia luzatu nahi die laguntzeko prest leudekenei. Aldi berean, elkarteak gonbita luzatu nahiko dio asteburu hau festarako eta afaltzeko aprobetxatuko dutenei, karpara gerturatu ditezen, jaialdiarentzako lagungarria izango baita.