Beasain da Bilboren ondoren, Mugiment txartelarekin erabilera gehien duen udalerria Erkidego osoan

Antzizar kiroldegiak jaso dituen erabiltzaileen %90,45 Goierri eskualdekoak izan dira. Horietatik %43,15 ordiziarrak dira, 959 erabiltzaileekin

Pandemiaren ostean, bazkide kopurua bere onera dator pixkana

Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Beasaingo Udalak, Mugiment Kirol Txartelaren proiektuan jarraitzeko hitzarmena berritu du. Hori horrela, programa honek eskaintzen duen abantaila aprobetxatuz, Antzizar kiroldegiko bazkide direnek, Mugiment Kirol Txartela programaren barruan dauden beste udalerrietako kirol instalakuntzak erabili ahal izango dituzte kostu gehigarririk gabe. Horretarako Mugiment kirol txartela  aktibatuta izan beharko dute. Ekimenaren bidez, kirol instalazioen eta -praktiken eskaintza handiagoa eman nahi zaie herritarrei, bai eta baliabide publikoen kudeaketa hobetu ere, lehendik dauden kirol- azpiegituren erabilera optimizatuz, erabilpen gutxien duten ordutegietan erabiltzaile berriak erakartzeari esker. Gainera, kiroldegiaren mantenu gastuei aurre egiteko finantzaketa gehigarri bat lortzen da.

Beasaingo Udala duela urtebete proiektura atxiki zen, eta berriki, urtarrileko osoko bilkuran onartu da lankidetza hitzarmena sinatzea.  Mugiment Kirol Txartela, doako “txartel birtual” bat da, programari atxikitutako beste udalerri baten instalazio eta zerbitzuak erabiltzera baimentzen duen txartela hain zuzen ere. Udalerri bakoitzeko abonatuak beste udaletako kirol instalazioetara sartu ahalko dira, gastu gehigarririk gabe, udal bakoitzak ezarritako erabilgarritasun eta ordutegien arabera. Txartel birtuala denez, telefono mugikorrerako aplikazioa jaitsi behar da besterik gabe. 

Ekimen honen helburua, kirolaren praktika sustatzea da, sedentarismoa murriztea eta euskal herritarren bizi-kalitatea hobetzea, edonon gaudela ere, bazkideari gainkostu bat suposatu gabe. Hori da Beasaingo Udalak Mugiment kirol txartela ekimenera atxikitzearen arrazoia. Programa honen barruan aurkitzen diren udalerrietako kirol instalazioak, Mugiment kirol txartela  aktibatuta duten bazkideek erabili ahal izango dituzte.  

Antzizar kiroldegia erakargarria

Beasaingo Udala Mugiment Kirol Txartela proiektuari 2022ko urtarrilean atxiki zen. Iazko azarorarte jasotako datuei erreparatuaz, Beasain da, Bilboren ondoren, erabilera gehien jaso dituen udalerria, 8.046. Erabiltzaile guztietatik %31 emakumeak izan ziren eta %69 gizonak. Jatorriari dagokionez, Antzizar kiroldegiak jaso dituen erabiltzaileen %90,45 Goierri eskualdekoak izan dira: Legazpitik 184, Urretxutik 334, Zumarragatik 533 eta Ordiziatik 959. Ordiziako abonatuak erabiltzaile guztien %43,15 izan dira. 

EAEn, 73 udalerri daude atxikita Mugiment kirol txartela ekimenera. Beasaindar abonatuen aldetik, 437 izan dira Mugiment egitasmoan dauden beste kiroldegiak erabili dituztenak. 

Bazkide kopurua gorantz

Azken zortzi urteetan Antzizar kiroldegiko bazkide kopuruak goruntz zihoan pandemiak eragindako etenarengatik izan ez balitz. Bi urteko beherakada eman zen baina gaur egun, duela zortzi urte zituen bazkide kopuruetan kokatu da berriro (2015ean 5.365, 2022an 5.212). 

Halabaina pandemia iritsi zen arte igoerari eutsi zitzaion:  2016an 5.759; 2017an 5.867; 2018an 6.041 eta 2019an 6.145. Pandemiaren etorrerarekin bazkide kopuruak behera egin zuen eta 2020an 4.514 bazkidera jaitsi zen eta 2021an 4.469ra. Hemen behea jo ondoren 2022an esan bezala ia mila bazkide berreskuratu ditu. 

Etengabeko hobekuntza eta kalitatezko instalazioak

Udal arduradunen asmo eta eginkizunen ardatzetako bat mantenu lanen arloa da, alegia, udal azpiegitura eta mugikortasunari dagozkion baliabideak baldintza eta egoera aproposean edukitzea kalitatezko zerbitzua eskaintzeko herritarren beharrei begira. 

Antzizar Kiroldegiko zerbitzuen kalitatearen eskaintzan eta azpiegituren eraberritzean beste urrats ugari eman ditu Udal gobernuak  kirol talde eta erabiltzaileen beharrei erantzuteko. 2015etik ugariak izan dira martxan jarritako zerbitzu berriak edota instalazioetan burututako berrikuntzak; beti helburu berdinari jarraituz pertsonen ongizatean eta bizi kalitatean eragitea.

Instalazio moderno eta eraginkorra eduki asmoz, mugikortasunarekin eta jasangarritasunarekin lotutako eraberritzeak burutu dira. Zerrenda luze horretan aurkitze dira igerilekuetako berriztapeneko uraren beroa berreskuratzeko ekipoa zenbait gunetako argiteria berritzeko equipo eraginkorrak, desgaituentzako aldagela egokituak, taldeentzako 2 aldagela gehiagoren eraikuntza, langilegoarentzako aldagelak, takila elektronikoak, igerilekuko informazio pantalla erraldoia, estaligabeko igerilekuetako belardiaren berrikuntza eta bibliopiszina zerbitzua, rokodromo berria, kiroletako kantxako zoladura berria, tatami gelaren berrikuntza, Fitness gimnasiorako ekipamendua, Crossfit gune berria, Boxing gimnasioa berria, Powerlifting gunea eta Eguzkiaren energia probesteko instalazio fotovoltaikoa.

kiroldega Antzizar 2