Edonork, udaleko webaren bitartez eta Kiroldegiko harreran inprimakia betez, aurkez dezake izangai bat edo batzuk sari bakoitzerako

Azaroaren 19an itxiko da proposamenak aurkezteko epea eta abenduaren 27an izango da sari emate ekitaldia Igartzako jauregian

Beasain Kirol Sariak, Beasaingo Udalak duela hiru urte abian jarri zuen egitasmoak laugarren edizioa beteko du. Udal gobernuaren ekimenez  helburu nagusia da, Beasaingo edo Beasainen kirol alorreko jarduera bultzatzen, sustatzen edota emaitzetan nabarmendu diren pertsonen eta erakundeen aipamen berezia egitea eta jende aurreko aitortza eta esker ona adieraztea. Honela bada, Beasaingo kirolariak eta kirolaren inguruan lan egiten dutenei goraipamena egitea da asmoa eta herritarren edota norbanakoen esku uztea izangaiak aurkezteko aukera.

Aurtengo sari emate ekitaldia abenduaren 27an arratsaldeko 19:00etan egingo da Igartzako jauregian. 2019ko hautagaiak zein izango diren jakiteko herritarren iritzia jasoko da eta proposamenak biltzeko bi bide ireki dira. Bata, Beasaingo Udalaren webean dagoen galdetegia betez eta bestea Antzizar kiroldegiko harreran eskuragarri dagoen inprimakia bete eta bertan kokatuko den kutxan sartuz. Proposamenak egiteko epea azaroaren 19an bukatuko da.

Sariak bi kategoriatan banatuko dira, urteko kirol sariak eta ohorezko kirol sariak. Beasain Kirol Sarietan banatuko diren urteko kirol sariak hauek izango dira:

. Emakumezko kirolariari edo kirol taldeari saria 2019

. Gizonezko kirolariari edo kirol taldeari saria 2019

. Kirol jardunaldiari saria 2019

. Erakunde babesleari saria 2019

. Sari Nagusia 2019

Beasaingo kirolari edo kirol taldeek kirol jardueretan izandako parte hartze nabarmenak edo lorturiko emaitzak aitortzeko asmoz beste aipamen batzuk egingo dira. 2019. urtean nabarmendu diren Beasaingo kirolarien lorpenak omentzea da helburua. Epaimahaiak eskumena izango du aipamen bereziak izendatzeko.

Izangaien proposamenak jaso ondoren, guztiak aztertu eta epaimahai bat osatuko da hautagaien merezimenduak baloratzeko eta sarituak aukeratzeko. Epaimahaiak Saridun guztiak aukeratu ondoren, hauen artetik erabakiko du zein den 2019ko Sari Nagusia jasoko duena. Dagokion oroigarriaz aparte, Sari Nagusiak oroitzapenezko plaka izango du Antzizar Kiroldegian, helburu horretarako egokituko den gunean. Bestalde epaimahaiak eskumena izango du aipamen bereziak izendatzeko.

Batzordeko lehendakariarekin batera epaimahaia honako pertsonek osatuko dute; Kiroletako arduradun teknikoa, Beasaingo Udaleko komunikazio arduraduna, eta Herritarrak Batzordeak proposatutako talde aholku-emaile bat ondorengo kideekin: Beasaingo kirolaren berri edota kirolari beasaindarren berri jarraitzen duen komunikabide edo kazetari bat, aurreko urteetako saridun bat, Kirol elkarteetako ordezkari bat, Kirol teknikari bat, eta kirolaren eta gorputz ekintzen esparruan ezaguna den pertsona edo entitatearen ordezkaria.

Ohorezko udal sariak

Atal honetan ohorezko bi sari emango dira, Kirol ibilbideari Ohorezko saria eta Ohorezko Beasain saria.

Beasaingo udalak eskumena izango du, egoki ikusiko balu, bi sari berezi hauek emateko. Ohorezko bi sariak Herritarrak Batzordeak proposatu eta Alkatetzak ebatziko ditu.

Sari hauen bidez Beasaingo kirolaren alde, edozein norbanako edo elkartek egindako lana jendaurrean goraipatu eta adieraziko da. Horretarako antolatuko den ekitaldian, aurrez erabakitako sail, kategoria eta genero bakoitzeko sarituari dagokion oroimenezko ikurra emango zaie. Sariak ohorezkoak dira, hau da, ez dute inolako ekarpen ekonomikorik izango.