Ia hogeita hamar urte eta gero, BKL saskibaloi taldea berriro hasi da partidu ofizialak jokatzen La Salle ikastetxean

Udal gobernuak honela legegintzaldi honetarako hartu zuen konpromisoa bete du saskibaloi partidu ofizialak herriaren erdigunera ekarriz

Kirol arloan betetzear zegoen egitasmo nagusietako bat gauzatu du Udal gobernuak. Joan den ostiralean, apirilaren 27an, BKL saskibaloi taldeko nesken infantil handi taldeak Oiartzungo SK taldearen aurka jokatu zuen La Salle ikastetxeko kirol instalakuntza eraberrituan. Partidu honekin, La Salle ikastetxea berriro Beasaingo saskibaloi taldearen etxeko partidu ofizialen egoitza bihurtu da. Duela hiru hamarkada jokatu zen azken aldiz eta denbora honetan Antzizar kiroldegian jokatu dira BKLren etxeko partiduak.

Azken urteetan Beasaingo Kirolaren Lagunak saskibaloi taldeak (BKL) sekulako gorakada izan du jokalari kopuruan saskibaloiaren gainean egindako sustapen lan bikainari esker. Horrek klubak talde gehiago sortu behar izatea ekarri du. Ondorioz, kiroldegiko saskibaloi kantxaren erabilera saskibaloiak bereganatu du hein handi batean eta honek erabilera publikoa murritzagoa izatea ekarri du. Arazo honi lotuta, Udal gobernuak saskibaloia eta honen jarraitzaileak eta giroa, hainbeste urteren ondoren, herriaren erdigunera berriro ekartzeko aukera ikusi zuen eta honela bide batez, inguruko ostalaritza eta merkataritza indartu.

Hiruko hitzarmenaren ondorioa

Udalak, La Salle ikastetxearekin eta BKL saskibaloi taldearekin burutu zuen hitzarmenari esker, alde guztien interesak mahai gainean jarri eta guztien onerako izan den akordioa lortu du gauzatzea. Ikastetxeak bere kirol instalakuntzak hobetu ditu, patioa estali da eta aldagelak eta ondoko egoitzak berritu dira. Honela, jarduera gehiago egiteko aukera zabaldu da eguraldiaren menpe egon gabe. Saskibaloi taldeari dagokionez, entrenamendu eta partidu ofizialetarako egoitza berri bat gehiago izango du kiroldegiko kantxa libratuz erabilera publikorako, eta Udalak bere aldetik ikastetxeari instalakuntza hau birmoldatzeko lanengatik emandako laguntzaren truke, kiroldegiak saskibaloiaren erabileraren morrontzagatik zuen lotura kentzeaz  gain, herriaren erdigunera berriro saskibaloi partidu ofizialak ekartzea lortu du eta herritarrei instalakuntza eraberritu bat erabiltzeko aukera jarri die.    

lasallebkludala201804273