Kiroldegiko instalakuntzak hobetzen eta erabiltzaileen beharretara egokitzen jarraitzen du Udalak eta boxeoa praktikatzen dutenen eskariari erantzuna eman dio honela

Boxeorako berregokitu den gimnasioa banakako erabiltzaileek zein talde antolatuek erabili ahal izango dute askatasun osoz

Beasaingo Udalak eta Udal kirol erakundeak boxeoa praktikatzen duten norbanako eta elkarteen eskariari erantzunez Boxing gela berria estreinatu du. Honela ekipamendu klasikoa duen esparru berezi honetan gorputza landu eta sasoian ipintzeko beste aukera bat eskainiko du Antzizar kiroldegiak. Dena den, balio anitzeko eremua da Boxing gela berria eta iaz eratu zen Beasaingo Gerriko Boxing elkarteaz gain edonork askatasun osoz erabiltzeko aukera izango du.

Horrela adierazi dute aurkezpenean Udaleko ordezkariek Aitor Aldasoro alkatea buru zela. Zerbitzu eta instalakuntza berrian banakako erabiltzaileek, talde antolatuek, elkarteek, eta ikastaroetan izena ematen duten lagunek, bakoitzarentzako ipinitako programazio eta orduen barnean erabili ahal izango dute.

Kiroldegiko abonatuek boxing gimnasioa askatasun osoz erabili ahal izango dute. Boxeoko ekipamendua eta ring esparrua erabiltzeko lehentasuna Antzizar Kiroldegiak eta Beasain Boxing Klubak izango dute antolatutako jardueren baitan. Horretarako ipinitako saioen programazioa jarraituko da. Jarduerak burutzen diren bitartean, partaide ez diren banakako erabiltzaileek bestelako guneak erabiltzeko aukera ere izango dute.

Boxing gimnasioaren ezaugarriei dagokionez, 140 metroko karratuko azalera du eta ondorengo guneak eskaintzen ditu: giharrak lantzeko makina eta pisuen gunea, txirrinduekin ibiltzeko eta luzaketa ariketak egiteko tokia, boxeorako putxing eta zakuen gunea eta boxeorako Ring izeneko tokia. Berregokitze lanek 10.000 euroko aurrekontua izan dute.

Beasain Gerriko Boxing kirol kluba

Iaz sortu zen Beasain Gerriko Boxing Kirol Kluba. Taldeak urtebete darama Antzizar Kiroldegian Boxeo Olinpikoa lantzen. Boxeolari profesionala izandako Jose Mari Arrizabalaga “Gorriti” da talde honen prestatzaile. Estreinaldian erakustaldi labur bat eskaini zuten bertaratuei.

boxing aurk20180307 4"Gorriti"ren aginduetara erakustaldia eskeini zuten erabiltzaileek