Hiru gune desberdinetan banatua dago, horietako bi boulder-a praktikatzeko dira eta bi altuera edo solairu ezberdinetan banatu daudenez bakarra da

EHBilduk 2017ko udal aurrekontuetarako egindako proposamena gauzatu du Udal gobernuak eta Tarrago enpresa izan da eraikitzailea

Herriko zein eskualdeko eskalatzaileek estreinatu dute Antzizar kiroldegiko rokodromo berria. Udal gobernuak 2017ko aurrekontuei EHBildu taldeak egindako proposamena gauzatu du honela.

Eskalada, oraingo eta etorkizuneko kirola izanik (hurrengo joko olinpikoetako kirola izango da), beharrezkoa zen horretarako instalazio egokia izatea. Kirol mota hau praktikatzeko aukera berriak sortzeko eta eskaladan hasi eta entrenatu nahi duten orori instalazio aproposak eta egungo beharretara egokitzen direnak eraikitzea izan da helburua. Beasaingo kirol teknikariak horretarako eskualde mailan dauden gainontzeko teknikari eta kirolariekin egindako kontsulten ondorioz gauzatu ahal izan da rokodromo berria.

Estreinatu diren instalazioei dagokionez, egungo boulder kontzeptua izan da kontutan; altuera gutxiko blokeak eskalatzen entrenatzea, bai hasiberrientzat zein kirol honetan garatuago dabiltzanentzat.

Ezaugarri hauek dituen bakarra

Tarrago enpresa izan da rokodromo berria egitearen ardura izan duena eta hiru gune sortu dira rokodromoan: bat rokodromo bertikala deitzen zaiona, 9 metroko altuera duena, eskalatzeko 6 ibilbiderekin eta 54 metro koadroko azalera duena.

Beste bi guneak boulder guneak dira. Bata bestearen gainean daude. Beheko solairuan boulder koba dago. Panelak alboetan eta sabaian daude, 186 metro koadroko azalera duena eta eskalatzeko luzera 34 metrokoa da. Bigarren boulder espazioa solairuko boulderra da. Kobaren gainean dago. Eskailera bitartez igo daiteke eta bertan rokodromo zaharreko bolumen handiko eskultura mantendu da 1991an egina, mendi artifiziala kaliza eta hareharria imitatzen duen harkaitz-blokea. Boulder guneak bi solairutan banatuta dituen rokodromo bakarra da Tarragok adierazi duenez. Margotzearen diseinua Leire Gurrutxagak egin du. Berrikuntzaren kostua 50.000 eurokoa izan da.

rokodromoa 058 Meet me in

Erabilerari dagokionez, Antzizar kiroldegiko bazkideek dohainik erabili ahal izango dute. Bazkide ez diren helduek, 5,75 euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek erdia. 20 sarrerako abonua eskuratu daiteke: helduek 60 eurotan eta haurrek 30 eurotan. Rokodromoan ibili ahal izateko derrigorrezkoa izango da federatuta egotea eta 16 urtetik beherakoek heldu baten laguntzarekin ibili ahalko dira.