Helburua, herritarrak ezinbestekoa den energia eta klima trantsizioaren aurrean kontzientziatzea eta mobilizatzea da eta horretarako hainbat ekintza antolatu ditu

Beasaingo Udalak jasangarriasuna eta klima aldaketari aurre egiteko konpromisoari hertsiki loturik jarraitzen du. Horren adibide dira energia eta mugikortasunaren alorrean aurrera eramaten ari den ekimen desberdinak, dela mugikortasun jasangarriaren alde, dela energia berriztagarri eta jasangarriak lortzearen alde. 

Irailaren 22tik urriaren 1era Euskadin Asteklima, Klima eta Energiaren Astearen hirugarren edizioa burutzen dela eta, Beasaingo Udala ekimen honetara batu da. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak EEE eta IHOBE bere erakunde publikoen bidez bultzatutako ekimena da hau. 

Gertatzen ari den energia eta klima trantsizioaren aurrean ezinbestekoa gertatzen da herritarrak kontzientziatzea eta mobilizatzea. Honetaz jabetzeko, hainbat ekintza antolatu ditu Beasaingo Udalak Asteklimaren inguruan; “Jantzigintza jasangarria” tailerra eta eztabaida-saioa, “klima-aldaketari aurre” erakusketa, eta “Amalurren ametsa” ipuin kontakizuna.  

Jantzigintza jasangarria tailerra eta eztabaida saioa

Irailaren 26an, asteartea, arratsaldeko 18:00etan Beasaingo udaletxeko sarrerako bilera gelan burutuko da ekimena. Bertan, bakeroekin poltsak egiteko tailerra, arropa konpontzeko eta eraldatzeko tailerra eta jantzigintza jasangarriaren inguruko eztabaida-saioa burutuko da. Tailerra irekia izango da. 

“Klima aldaketari aurre” erakusketa

Klima aldaketaren nondik norakoak era errazean helarazten duen erakusketa Igartzako jauregiko patioan egongo da ikusgai. Klima aldaketaren arazoa sekuentzia hauetan azaltzen du: eragileak, eraginak eta irtenbideak. Erakusketa guztira bederatzi panelez osatuta dago (zortzi muralekin). Bertan hezitzaile bat egongo da bi orduz erakusketa azaltzen eta sortzen diren zalantzak argitzeko. 

Herriko ikastetxetako DBHko ikasleentzako bisitak antolatu dira. Irailaren 28an goizeko 11:30ean egingo dute lehena. Egun eta ordu hauetan egongo da zabalik publikoari: irailak 27, asteazkena, goizeko 11:00etatik 13:00etara. Eta irailaren 28an, osteguna, goizeko 11:00etatik 13:00etara. 

“Amalurren ametsa” ipuin kontaketa

Udal bibliotekaren laguntzaz antolatua, haurrei zuzendutako ipuin kontaketa honetan klima aldaketari buruz arituko da Amalur. Amalurrek beste planetekin hitz egiten duenean, duen itxuragatik denak parra egiten diote, klima erotu egin al zaizu? Amalurrek galaxiako planeta ederrenean bihurtzeko ideia on bat du, baina horretarako espazioko zaintzaileak etorri behar dira. Ipuin kontaketa, irailaren 27an asteazkena, 17:30ean Beasaingo Udal bibliotekan izango da. 5 urtetik aurrerako haurrei zuzenduta dago eta aforoagatik aldez aurretik bibliotekan izena eman beharko da.