Egungo beharrei erantzunez erabiltzaile zein publiko orokorrari zuzendutako atari gaurkotua eta erabilterraza izatea du helburu

Antzizar kiroldegiak bere web ataria goitik behera berritu du. Diseinu guztiz berritua eta modernoa, atal berriekin, interaktiboagoa eta eraginkorragoa izango da webgune berria.

Kiroldegiko erabiltzaileei eta, oro har, publikoari zerbitzurik onena eskaintzeko, plataforma argi, intuitibo, ordenatu eta erakargarria landu da, nahi den guztia modu sinple eta eraginkorrean aurkitu ahal izateko.

Webgune berriaren aurkezpenean izan dira, Leire Artola alkatea, web-a garatu duen ACV multimediako Edurne Rubio eta Kiroldegiko koordinatzaile eta kirol teknikaria Peru Elosegi. Guztiak bat etorri dira plataforma berriarekin zein helburu nagusi bete nahi diren. Horrela, erabiltzailearen esperientzia hobetu nahi da. Emaitza askoz ere dinamikoagoa eta sarbide errazagoa, intuitiboagoa eta zuzenagoa da, kiroldegiko zerbitzu eta instalazioei buruzko kontsulta ohikoenak eroso egin ahal izateko.

Zerbitzuen informazioaren atalak indartu eta berritzeaz gain, irudiaren garrantzia web berrian nabarmendu nahi da. Argazki guztiak egungo instalakuntzen egoera isladatzen dute. Tramite garrantzitsuenak on line egiteko aukera mantentzeaz gain nobedadeen artean albisteen atala eta kiroldegiko agenda aurkitzen dira. 

Kiroldegiko ekitaldien agenda

Ezaugarri eta nobedade berrien artean, kiroldegian egiten diren jarduera eta ekitaldi garrantzitsuenen egutegia biltzen duen agenda nabarmentzen da. Zerbitzu eta instalazioen hobekuntzei eta ezaugarriei buruzko informazioa eta kiroldegiari buruzko azken albisteen atala txertatu da informazio eguneratuarekin. 

Beasaingo Antzizar kiroldegiari buruz jakin beharreko guztia hemendik aurrera www.antzizar.eus helbidean aurkitu ahal izango da.  

antzizar