Diagnosi fasea osatzeko, inkesta baten bidez herritarrak, elkarteak eta orohar udalerriko eragile guztien iritzia jaso nahi da beasaindarren energia arloko lehentasunak eta kezkak ezagutzeko

Udalak energia kontsumoa murriztu eta energia berriztagarriak sortzeko gaitasuna handitzen jarraitu nahi du eta berotegi efektuko gasen isurketa murriztu

Beasaingo Udaleko gobernu taldearen legegintzaldiko planaren oinarri nagusietako bat energia berriztagarriak eta garbiak bultzatzea da. Klima aldaketaren aurkako borroka da udal gobernuaren beste jarduera-ardatz nagusietako bat jakinda gure gizartea jada pairatzen ari dela mehatxu honen ondorioak eta ezinbestekoa suertatzen dela etorkizunera begira energia eta klima aldaketa esparruan erabaki irmoak hartzea. 

Hori dela eta, urte hasieratik Beasaingo Udalak Klima eta Energia Plana prestatzeari ekin zion, 2030erako berotegi-efektuko gasen isurketak %40an murrizteko eta udalerria klima-aldaketaren eraginetara egokitzeko. 

Energia garbia sortzen kontsumoa murrizten

Beasaingo Udala 2015 urtetik ari da energia kontsumoa murriztu eta berriztagarri bidezko produkzioaren alde nabarmen eginez. Honen lehen adibide azpimarragarria Arangoitiko geotermia instalakuntza izan zen, ordutik eraikinaren ur bero produkziorako energia garbia eskaintzen duena. Ondoren etorri ziren kale argiteria led teknologiara eguneratzen joateko kanpainak, argiztapenaren kontsumo elektrikoa 2008 urteko 1.980.000Kwh-tik, 2021eko 920.000Kwh-tara murriztuz, erdia baino gutxiagora. Udal eraikinetako energia eraginkortasunerako esku-hartze desberdinak ere egin dira, denboran gertuen daukagun Antzizar kiroldegiko autokontsumorako plaka fotovoltaikoen instalakuntza azkena izanik. 

Proiektu konkretuez gain, Klima eta Energia plan honen aurretik, energia eraginkortasunaren diagnostikoa eta jarraipena egiteko hainbat ekimen jarri ditu martxan udalak. 2019an osatu zen kale argiteriaren auditoritza energetikoa, 2021an egindako udal eraikinen auditoritza energetikoa edota hasunarketarako gune den Jasangarritasun Energetikoaren Batzordea dira hiru adibide garbi. 

2022 honetan Udala lantzen ari den Energia eta Klima Aldaketa plan berriak, orain arte egin diren diagnostiko eta esku-hartze proposamenek baina lanketa sakonagoa suposatzen du, perspektiba zabalago bat irekiz. Izan ere, 2022-2042 epealdirako eszenario proiekzio bat egiten du, lehenetsi beharreko energia proiektuak egituratuz eta epealdi luze honen jarraipenerako energia monitorizazio sistema bat ezarriz.

Planak ezartzen duen helburuetako bat, 2030 urterako udalak eraikin publikoetan energia kontsumoa %35ean murriztea eta energia berriztagarria sortzeko gaitasuna  kontsumoaren %32-raino eramatea izango da, EAEko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legearen baldintzak betez.

Gainera, tenperaturen igoera edo euri-jasen areagotzea bezalako klima-mehatxu nagusiei aurre hartzeko neurriak ere hartuko ditu. Gai horri dagokionez, bereziki azpimarratuko da hiri-eremua berdatzea; izan ere, frogatuta dago berdeguneek lagundu egiten dutela bero handiko egunetan sentsazio termikoa murrizten, eta gainera, eginkizun garrantzitsua betetzen dutela euri-jasen aurrean, haien eragina motelduz eta uholde-arriskua murriztuz.

Herritarren iritzia ezagutzeko inkesta

Udalak klimaren eta trantsizio energetikoaren aldeko ekimenari modu justu eta integratzailean ekin nahi dio, inor atzean utzi gabe, Europako Itun Berdearen printzipioekin eta 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat etorriz.

Horretarako, herritarrak, elkarteak eta udalerriko eragile sozial eta ekonomiko guztiak inplikatu nahi dira plana egiteko prozesuan. Helburu horrekin, udalak online inkesta bat jarri du udalerriko bizilagun guztien eskura. Inkesta horren bidez, planaren pertzepzioa eta plana egitean kontuan hartu beharreko lehentasunezko gaiak ezagutu nahi dira. Honez gain, herritarrei irekitako bi eztabaida-saio egingo dira, honen berri laster emango delarik.

Plana egiteko, Beasaingo Udalak Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jaso du, garapen iraunkorra sustatzeko ekintzak egiten dituzten toki-erakundeei laguntzeko zuzendutakoa. Donostiako Ados Sostenibilidad y Clima eta Bartzelonako INERGY aholkulariak elkarlanean arituko dira Udalari proiektu hau aurrera eramateko laguntza teknikoa ematen.