Barazki berrien eskaintzan pac choi-a eta daikon-a dira nabarmentzekoak

2021eko azken azoka berezia abenduaren 4an izango da. Loinazko San Martin plaza azpian bilduko diren postuetan bertako eta garaian garaiko produktuen eskaintza izango da. Barazkien artean azalorea, aza, brokolia, eskarola, azelga, ziazerba  eta porrua izango dira sasoi honetako protagonistak. 

Nobedadea barazkien artean gurean hain ezagunak ez diren pac choi eta daikon arbiak izango dira salgai. Pac choi-a zerba modukoa dirudien arren aza mota bat da. Asiako sukaldaritzan oso ohikoa den osagaia, pak choi duela gutxi hasi zitzaigun iristen ekialdeko denda espezializatuetan barrena. Azken urteotan oso ezaguna egiten ari da eta gure saltokietan aurki dezakegu, gero eta gehiago landatzen baita gure herrialdean.

Barazkiez gain, beste produktu batzuk saltzen dituzten postuak izango dira: eztia, ogia, loreak eta landareak, tartak eta gailetak, gazta eta haziak. Beraz, poltsa bete produktuz etxera joateko moduko azoka izango da.

Egun horretako egitaraua hau izango da:

  • 10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera.         
  • 12:00 Loinatz Musika Eskolako trikitilariek eta pandero jotzaileak azoka girotuko dute.        
  • 13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean.   Bestalde, Igartzan bisita gidatua egiteko 2 sarrera ere emango dira saski bakoitzarekin batera.     
  • 14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera.

Hileko lehen larunbateko azoka berezia duela ia lau urte pasatxo Udal gobernuak martxan jarritako egitasmoa da eta honen helburua, bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jartzea eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea ez ezik, kontsumitzaileak azokara erakartzea ere bada.

Pak ChoiPak Choi