Isilpean indarkeria hau jasan eta jasaten dutenen ahotsa altxaraztea da aurtengo aldarrikapenean indartu nahi dena

Beasaingo Udalak herriko Asmube eta Oriako lamiak emakume elkarte eta talde feministarekin antolatutako egitaraua aurkeztu du

Azaroaren 25a, emakumeeganako indarkeria matxisten aurkako nazioarteko egunaren inguruan, Beasaingo Udalak herriko emakume-elkarte eta talde feministarekin bat egin du aldarrikapenean. 

Udal gobernua eta udala osatzen duten gainontzeko alderdien iritziz, urtero egiten den gogoetaz gain, bere konpromisoa berretsi nahi du indarkeria mota honen aurka. Pandemiak eragindako krisiak emakumeenganako indarkeria kasuak handitu ditu eta hori geldiaraztea lehentasuna izan behar du gure gizartearentzat. 

Azaroaren 25aren inguruan Udalak eta herriko emakume-elkarte eta talde feministek antolatutako egitarauaren aurkezpenean Leire Artola alkateak Udalak orain arte bezala bere baliabide guztiak indarkeria mota honi aurre egiteko eskaintzen dituela berretsi du. Bereziki isilpean denbora luzez indarkeria mota hau bakardean sufritu eta sufritzen dutenak nabarmendu ditu, haiei ahotsa eman eta altxarazi egin behar dugula gaitz hau mututu arte. Ezinbestekoa da egoera hauek salatzea errealitate honetan jabetzeko erantsi du alkateak. “Urtean zehar indarkeria matxistaren aurkako hainbat ekintza abian jartzen baditugu ere, azaroaren 25aren ingurua ekintza gehiagoz indartu nahi izan dugu, ez soilik Udalaren konpromezua indartzeko, baita herritarrak sentsibilizatu eta kontzientziatzeko ere” azpimarratu du Artolak. 

Maddi Aiestaranen bertsoa

Bere ondoren, Amets Arrospide Berdintasun zinegotziak egitaraua aurkeztu du eta oraingo honetarako Maddi Aiestaran bertsolari beasaindarrak idatzitako bertsoa iragarri du, hain zuzen ere isilpean indarkeria hau sufritzen dutenen ahotsa altxarazteko aldarria dena. 

Gainontzean, hauek dira datozen egunetan antolatu dituzten ekitaldietarako hitzorduak eta protagonistak:

Azaroaren 23an, arratsaldeko 18.30ean, 35 HUTS Antzezlana eskainiko da Igartzako Jauregian: Aitziber Garmendiak idatzitako gidoia, Miren Gojenolaren zuzendaritzapean Esti Curiel antzezleak antzeztuko duen lana da. Emakumea, adina, familia oinordetza emozionala, amatasuna eta heriotza bezalako gaiak umore ukitu batez lantzen dituen antzerkia izango da.

Azaroaren 25ean, arratsaldeko 19.00tan Erauskin plazan elkarretaratzea izango da: Udalak, Asmube eta Oriako Lamiak elkarteekin batera, herritarrei dei egin nahi die elkarretaratzean parte har dezaten, Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko.

Egun horretan, Igunean herritar guztientzat eskuragarri egongo dira indarkeria matxistaren aurkako ikur bihurtu den puntu morea (txapa bat) eta Maddi Aiestaran bertsolari beasaindarrak idatzi duen bertso ilustratua. Bertsoaren ilustrazioa Olatz Zauzabiskar ilustratzailearen lana da eta aurtengo azaroaren 25eko kartela eta egitaraua ilustratzeko erabili dugu bere lana. Kartelean eta egitarauan ere Maddik bertsoan egindako aldarrikapena ikusgai duzue: “mundua ixildu arte altxatuko dugu ahotsa”.

Abenduaren 2an, arratsaldeko 18.00tan, Igartzako Jauregitik streaming bidez zuzenean, Aitana Sánchez-Gijón aktorearekin solasaldia izango da. Aitana bere ibilbide astistikoan Yerma, Penélope, Medea edo Regenta bezalako emakumeen azalean jarri da, eta horrez gain, salatu izan du zinean edo telebistan 40 urte bete ostean emakumea bigarren maila batean izaten dela. Errealitate hori kontuan izanik, herritarrek berarekin solasaldian parte hartzeko aukera izango dute.

Abenduaren 9an, arratsaldeko 18tan, Igartzako Jauregian, Silvia Ayerra disenatzailearen eskutik, emakumeak artean izan duen papera ezagutzeko hitzaldia izango da. Kontuan izanik, artearen historian askotan emakumeen lanak ezkutaraziak izan direla edo ez dutela gizonezkoen lanen  aitorpenik izan. 

Egitarauaren antolatzaileek azpimarratu dute emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzea guztion ardura dela, beraz, guztioi eragiten digun gaitza dela kontuan izanik, norbanako moduan guztiok dugula zer esana eta zer egina. Herritarrei ekintzetan parte har dezaten dei eginez amaitu da aurkezpen ekitaldia eta indarkeria hau sufritzen duten emakumeei laguntzeko telefono zenbakiak gogoratuz. 

A25 aurkezpena 2021 9