Batzordearen araudiak behin-betiko onespena jaso duelarik, honen osaketarako herritar, elkarte eta enpresei parte hartzeko deialdia luzatu du Udalak

Udal gobernuak ingurugiroaren babesa eta jasangarritasunarekiko duen konpromisoaren bidetik, beste urrats bat eman du Batzorde honen eraketari helduz. Udalbatza osoaren onespena eta jendaurrean jarri ondoren, Beasaingo Jasangarritasun Energetikoaren Batzordearen pdf araudiari (101 KB) behin betiko onespena eman zaio. Orain, batzordea osatzeko garaia iritsi da. 

Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko legeak aurreikusten dituen helburuak betetzeko, erakunde ezberdinek Udalak barne batzorde bat osatzeko bete beharra dute. 

Helburuak eta funtzioak

Helburua gizarte eragileek, elkarteek, erakunde publiko adituek, gizartearen ordezkariek eta langileen ordezkariek Jasangarritasun Energetiko Batzordearen politika diseinuan eta erabakietan benetan parte hartzen dutela ziurtatzea da. 

Beasaingo kasuan, Udalak bere egiten dituen helburu xehetuak honako hauek dira:  

  • Udal eraikinen, instalazioen eta parke mugikorraren inbentarioaren onarpena proposatzea.
  • Udalean energiaren inguruan landuko diren gaien egoeraren azterketa sustatzea.
  • Energiarekin zerikusia duten udal politikaren jardun-ildoak proposatzea.
  • Gaiarekin lotutako udalaren plan eta politiken jarraipena egin eta eragina aztertzea.
  • Legea betetzeko hartutako neurrien garapena gainbegiratzea eta bermatzea, bai eta bertan ezarritako helburuak betetzen direla ere.
  • Udalaren jarduketa-plan energetikoaren egoerari eta garapenari buzuko informazioa ematea.

Parte hartzeko deialdia

Batzordearen osaketarako herritar, elkarte eta enpresei partehartzeko deialdia luzatzen zaie. Izan ere, ordezkari politiko eta udal arlo desberdinetako teknikariez gain, Batzordeak herritar eta eragileentzako partehartzea aurreikusi eta sustatzen du. 

Lantaldeak analisi eta proposamenak egiteko gaitasuna izan behar duen heinean, elkarte, enpresa eta herritarrei gutxieneko profil/formakuntza bat eskatzen zaie parte hartzeko:

-Herritarren kasuan: beasaindarra izan eta energiaren arloan formakuntza edota esperientzia izatea.

-Elkarteen kasuan: jarduera udalerrian edo eskualdean garatzen duten elkarteak, energiaren arloan.

-Enpresen kasuan: energiaren arlo desberdinetan adituak diren beasaingo enpresak.

Aldi berean, Batzordearen osaketan parte hartu gabe ere ekarpenak helaraztea posible izango dute herritarrek. Horretarako talde politikoetako ordezkariez baliatzeaz gain, IGuneako arreta zerbitzura zuzendu daitezke, aurrez-aurre edo modu telematikoan.

Izen-ematea urriaren 5a arte egongo da zabalik eta inprimaki hau bete beharko dute interesdunek.