Udalak Kangune zentroarekin elkarlanean, Txakur Eredugarri Programa merkatariei begira landu du. Saltokietan Txakur lagun edo Txakur zaindari zigilua erakusgai izango dute; lehenengoetan txakurrekin sartu ahal izango da eta bigarrenetan txakurrak lotuta uzteko mosketoiak jarriko dituzte sarreran

Udalerriko txakur jabeak arduratsuak izateko eta herritarren arteko bizikidetza hobetzeko, ekimenez betetako programa da Txakur Eredugarri Programak. Udalak sustatuta, herritarren arteko bizikidetza eta udalerri atsegin, txukun, eroso eta bizigarria izateko helburuari jarraiki, hainbat esparrutan eragitea du helburu Beasaingo Udalak. 

Oraingoan, merkatariei begira landutako saioa eskaini du eta hauen lankidetzarekin txakurrekin elkarbizitza lantzeko ekimenak landuko dituzte. Horretarako txakurrak ezagutu, hauengana nola gerturatu eta euren portaera ezagutzeko hitzaldi-saioa eskaini zen udaletxean Kangune zentroaren eskutik joan den astean. 

Honekin batera, saltokietan Txakur lagun eta Txakur zaindari zigiluak ezartzeko kanpaina zabaltzen ari dira. Txakur lagun zigilua berdea izango da eta erakusten den saltokietan txakurrarekin sartu ahal izango da. Txakur zaindari zigilua berriz laranja kolorekoa da eta horrek adieraziko du txakurra saltokiaren sarrera lotuta utziko dela. Aukera hori ahalbidetzeko mosketoiak jarriko dira. 

Hurrengo ekimenak

Merkatariekin egindako saioaren ondotik, Txakur Eredugarri Programak hamabi saio presentzialez osatutako “Jabe eredugarri formakuntza” eskainiko du. Urriaren 20an hastea aurreikusita dago. Hau amaitzean ziurtagiria lortzeko aukera izango da. Urriaren 22an aldiz, “Sozializazio paseoak” hasiko dira. Informazio gehiago beasain.eus webgunean aurki daiteke. 

Txakur Eredugarri Programa ekimena udal gobernuak bere legealdi planean zeukan aurreikusita eta pertsonen ongizatean eragingo du. Kasu honetan txakurren eta pertsonen arteko elkarbizitza hobetzera dator eta animalien jabetza arduratsua sustatzea du xede.