Ikasleen San Juan Bosco jai eguna ospatuko den honetan, Beasaingo udaltzaingoak Lazkaokoarekin eta Ertzaintzarekin elkarlanean, lanketa berezia egingo du datozen egunotan alkoholaren kontsumoaren prebentzioan herriko ikastetxeetako gazteekin. Horrez gain denda eta saltokietan informazioa banatuko dute 18 urtez azpiko gazteei alkohola saltzea debekatua dagoela gogoraraziz

Herritarren eta hain zuzen ere gazteen ongizateari begira data hauetan Beasaingo udaltzaingoak lanketa berezia burutuko du egunotan herriko ikastetxeetan. Helburua alkoholaren kontsumoaren gainean gaztetxoak ohartaraztea izango da. Funtsean informazioa eta prebentzio lana burutuko dute udaltzainek baina legeak aipatzen duenari buruzkoa ere jakinaraziko da.

Hartzaileak aurten DBH 2 eta 3 ikasturteetako ikasleak izango dira. Beasainen eta Lazkaon guztira 22 ikasgeletan emango dituzte hitzaldiak. Beasainen urtarrilaren 28an Txindoki institutuan izango dira 9 ikasgelatan goizez eta hurrengo egunean Andramendi ikastolako bi ikasgelatan eta La Salle ikastetxeko 4 gelatan.

Antza denez, adin hauetan hasten dira gazteak berain lehendabiziko irteerak egiten. Hori horrela, informazio eta prebentzio lana egitea funtsezkotzat jotzen dute udal arduradunek adin horretako gazteei.

Informazioa, prebentzioa eta gomendioak

Udaltzainek Ertzaintzaren adituekin emandako hitzaldietan hainbat alor izaten dituzte kontutan gazteek gogoan har ditzaten alkoholaren kontsumorako prebentzioaren inguruan. Hitzaldiaren helburua azaltzeaz gain alkoholarekin duten joeraz hitz egiten dute. Alkohola aipatzen duen legeak zer dioen honen inguruan ere azaltzen dute; hala nola, 18 urtetik behera edatea debekatua dagoela, eta ondorioz edaria kendu, izena eta telefonoa eskatu eta gurasoei deituko zaiela. Edari nahasketaren ondorioa eta beste produktuen kontsumoak ekarri ditzaken kalteez ohartarazten dute. Heldu batek ere adin txikikoei edaria erosteagatik 3.000 euro arteko isuna ekarri dezakeela ere argitzen dute (ekainaren 25eko 18/1998 legea).

Osasunari alkohola neurriz kanpo edateak eragiten dizkion kalteak ere gogoraraziko dituzte, koma etilikoak, takikardiak edo gorputzak dituen erreakzio desberdinak.

Oharrekin batera gomendioak emango dituzte; ez bakarrik alkohola edatean egin beharrekoez, ez edan ezer jan gabe, baizik eta lapurreta edo sexu erasoak saihesteko lagunak bakarrik ez uztea, leku ezezagunetan bakarrik ez ibiltzea eta NAN edo honen kopia bat gainean eramateari buruzkoak.

Urte hasierarekin jaiak errenkadan datoz, Idiazabal, ihauteriak, Lazkao, Beasain, Ordizia, Kilometroak, gazte festak… asko gure inguruan eta urte osoan kontuan hartzeko gomendioak izango dira.

Bestalde honekin lotuta Udaltzainek alkohola salgai dagoen denda eta saltokietan idatzi bat banatuko dute ohartaraziz 18 urtez beherakoei alkoholik ezin zaiela saldu gogoratuz eta lege hori betetzen dela bermatuz.