Joan den astean jarri ziren eltxo mota hau kontrolpean izateko arrautza-tranpak eta azaroko lehen hamabostaldirarte zabalduko da kanpaina hau

Gaurdaino zenbait birus transmititzeko gai da eta horregatik, ezinbestekoa da zaintza eta kontrol neurriak hartzea, eltxorik egon eta ugaldu ez dadin

Uztailaren 4an hasi zen laginketa Beasainen, eta azaroko lehen hamabostaldira arte zabalduko da.Tranpak astero aztertuko dira NEIKER Tecnaliaren laborategian eta Tigre-eltxoaren arrautzak detektatuko balira, hura lehenbailehen kontrolatzeko tratamenduak egingo dira.Intsektua ugaldu ez dadin lortzea da tratamendu horien helburua.

Euskadin, 2013an jarri zuten abian “Tigre-eltxoa zaintzeko plana”, Osasun Sailak, Garapen Ekonomiko eta Azpiegituren Sailak eta NEIKER Tecnaliak. Planaren barruan, 2014az geroztik, urtero detektatzen da eltxoa Frantziako mugatik gertu, non eltxoa ezarrita eta aktibo dagoen.Halaber, 2017an, Bilbo inguruetan ere detektatu zen.

Plana martxan jarriz geroztik, 2018an lehenengo aldiz, Gipuzkoako hainbat udaletara ere zabaldu da kontrola, hala nola Tolosara, Beasainera eta Eibarrera.Eltxoak ur-edukiontzi naturalak, hots, zuhaitz-enborretako zuloak, edota artifizialak, lorontzien platerak esaterako, atsegin dituenez, edota ur-putzutxoak egon daitezkeen edozein zulo arrautza-tranpak jartzeko leku egokiak aukeratu dira; hots, landaretza-guneak eta arrautza-tranpekin lehiatuko luketen beste ur-putzurik ez dagoen tokiak.

Tigre-eltxoa

Aedesalbopictus, eskuarki tigre-eltxo izenez ezagutzen dena, eltxo bat da, jatorriz Asiako hego-ekialdetik sakabanatu dena, eta denge gaixotasunaren transmisioan zeresan handia duena.

Helduek 2 eta 19 mm artean neurtzen dute, eta gorputza beltza da, zangoak eta abdomena, berriz, eredu bereko zuri-beltzak, eta marra zuri bana dauka buruan eta toraxean.

Elikadura-ohiturak egunekoak dira, giza etxebizitzetatik gertu bizi daiteke eta jarduerarik handieneko garaia ekaina eta azaroa bitartekoa dela uste da, alegia, etxetik kanpo gehien egon ohi garen garaia.Portaera antropofilikoa du, batez ere gizakitik elikatzen da eta.Emea odoletik elikatzen da, eta ziztadura bidez jasotzen ditu arrautzak osatzeko behar dituen proteinak.

Ibilbide motzeko hegaldiak egiten ditu, 200-400 m. Hala ere, munduko herrialde askotara hedatu da, arrautzak eta larbak modu pasiboan garraiatuta: merkantzien joan-etorrietan (pneumatikoak …).

Gaurdaino badakigu zenbait birus transmititzen dituela, hala nola Dengea eta Chikungunya, eta baliteke Zika birusa ere transmititzea.Horregatik, ezinbestekoa da zaintza- eta kontrol-neurriak hartzea, eltxorik egon eta ugaldu ez dadin, eta, beharko balitz, bere presentzia tolerantzia-maila onargarrira murrizteko.Beharrezkoa da, beraz, zaintza- eta kontrol-programak inplementatzea, infekzio-patogeno exotikoen eragileak sartzeko gai diren bektoreen aurrean, hala nola tigre-eltxoaren aurrean.

tigre eltxoa2Tigre-eltxoarentzako tranpak