Iguneako arratsaldeko udal-arreta zerbitzu kopurua 2021an 718 izatetik, 2022an 927 izatera pasa da 

Kontziliazioaren aldeko apustuaren baitan, herritarrei zerbitzu zabalagoa eskaintzea izan da ordutegi hedapenaren helburua, goizean gerturatu ezin direnei aukera emateko 

Aldi berean, Udalak bere egoitza elektronikoaren zebitzua gogorarazi nahi die herritarrei, izapideak noiz-nahi eta non-nahi egiteko aukera luzatuz

Bi urte bete dira herritarrentzako informazio eta arreta bulegoa arratsaldez zabalik dagoela. Beasaingo Udaleko gobernu taldeak legealdi planean aurreikusita zeukanez, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuen etengabeko hobekuntzen baitan, Igunea edo herritarrentzako harrera bulegoak bere ateak astearte, asteazken eta ostegun arratsaldetan ireki zituen 2021eko urtarrilaren 11n. 

Bi urte hauetan, ordutegiaren hedapenari esker artatutako jende kopurua hazten joan da. 2021ean Igunea arratsaldez zabalik egon zen 98 egunetan 719 arreta-zerbitzu eskaini ziren. 2022an berriz, 96 egunetan 927 arreta-zerbitzu. Hain zuzen ere 218 gehiago, %30,3 handituz kopurua. Honek agerian uzten du arratsaldean zerbitzua eskaintzeak pertsona askori erraztu egiten diela udalean gestioak edo eskaerak egin ahal izatea eta ondorioz hartutako erabakia emaitza positiboak ematen ari dela.  

Zerbitzu zabalagoa kontziliazioaren alde

Udal zerbitzu honen ordutegi hedapenak, herritarrek beraien bizitza pertsonala hobeto kontziliatu ahal izateko erraztasuna emango die. Igunean Udalarekin zerikusia duten mota guztietako izapideak burutu ahal izateaz gain edonolako udal informazioa ere eskuratu daiteke. 

Besteak beste, udal zerbitzu, azpiegitura eta baliabideei buruzko informazioa jaso ahal da. Eskaera errazak ere egin daitezke esaterako, erroldatzeak, ziurtagiriak, izen-emateak, etab. Agirien sarrera-erregistroa, agiri ofizialak, ekimenak, erreklamazioak, diru-laguntza eskaerak, lizentzia-eskaerak, etab. Helbideratzeak, ordainagirien kopiak, eta hala behar izanez gero, udaleko beste sailekin harremanetan jartzea. 

Ohiko ordutegian, goizez astelehenetik ostiralera 9:00etatik 14:00etara daude ateak zabalik eta astearte, asteazken eta ostegunetan arratsaldez 15:00etatik 18:00etara. Harremanetarako 943 028050 telefonora deituz edo Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbide elektronikora idatziz. Igunea udaletxeko behe solairuan aurkitzen da, plazapean. 

Egoitza Elektronikoa

Teknologi berriei esker jada presentzialtasuna ez da ezinbestekoa, ez behintzat Udalarekin egin nahi diren hainbat eta hainbat izapide kudeatzeko. Beasaingo Udalaren www.beasain.eus webguneko Egoitza Elektronikoaren atalean, errolda informazio eskaerak, isunen ordainketak, ongizateko laguntza eskaerak, TAO egoilar txartel eskaerak, eta abar egin daitezke etxetik edo edozein lekutik.