Udalak herritarrek emandako aurrera pausoa txalotu eta zoriontzeaz gain, horretan jarraitzeko sentiberatze eta kontzientziazio kanpainekin bat egiten jarraituko du

Sasieta Mankomunitateak emandako datuen arabera, 2015a geroztik birziklatzera bideratutakoaren zenbatekoa %47tik %76 izatera iritsi da

Urtean guztira jasotzen den hondakin kopuruak ere behera egin du, 2015 urteko 4.832 Tn-tik, 4.226 Tn-ra 2022an, %13 gutxiago

Sasieta mankomunitateak ezagutzera ematen dituen datu eta estatistikei erreparatuz, Beasainen biltzen diren hondakinen kopuruetan, hainbat datu positibo aurkitzen dira; 2015ean Beasainen bildu ziren 4.832 tona hondakinetatik %47 birziklatzera bideratu zen eta %53 errefusa izan zen. Iaz bildutako datuek aldiz hauxe adierazten dute; bildutako hondakina 4.226 tona izan zen eta horretatik %76 birziklatzera bideratua eta %24 errefusa eta balorazio energetikora zuzendua. 

Horren arabera, alde batetik Beasainen duela zortzi urte baino ia 600 tona hondakin gutxiago sortu ziren iaz. Halaber, 2015ean baño %60 gehiago bidali da birziklatzera. Jarrera hori txalotu eta herritarrak zoriondu nahi ditu Udalak.

Ontzi arinak eta biohondakinaren bilketa gora

Gaikako banaketan egin den aurrerapenak birziklatu daitezken hondakinen kopurua igotzea ekarri du, esan bezala ingurumenari egiten zaion kaltea gutxituz. Honela edukiontzi horira jaurtitzen diren ontzi arinen kopurua ia hirukoiztu egin da; 2015ean 314 tona (hondakin guztien %6,5) eta 2022an 757 tona (%17,9). 

Materia organikoa edo biohondakinen kopuruei dagokionez hauek ere nabarmen igo dira. Duela zortzi urte, 754 tona bildu ziren (%15,6) eta iaz 1.084 tona (%25,7). Esan bezala ingurumenaren mesedetan gaikako bilketan beasaindarrek azken urteetan egindako ahalegina txalotu eta horrela jarraitzeko desioa helarazi nahi die Udalak beasaindarrei. Hobetzeko arloen artean, edukiontzietatik kanpo uzten diren hondakinak daude. Horretan badago zer egina udalerriko eremu horiek ahalik eta txukun eta garbien edukitzeko.

Murriztu, Berrerabili eta Birziklatu

Datu positiboak diren arren, Sasieta Mankomunitateak eta Beasaingo Udalak herritarrei esforzuarekin aurrera jarraitzeko deia egiten diete, ingurumena zaindu eta krisi klimatikoaren erronkari aurre egiteko. 

Lehenik eta behin, kontsumo ohitura arduratsuekin segi eta ahalik eta zabor gutxien sortzen jarraitzeko animatu nahi dute erakundeek. Posible denean, ontziak berrerabiltzen jarraitu eta erabilpen bakarrekoak baztertzen saiatuz. 

Horrela, Ekonomia zirkularra sustatzen jarraituko dugu guztion artean, lehengaien ustiapena murriztuz eta ontziak sortzeko eta garraiatzeko behar den kontsumo energetikoa txikiagotuz.