Parkean burutzen ari diren eraberritze lanak direla eta, urtarrilaren 10etik aurrera Karobi kaleko eta Ikasle Zeharkaleko azalerako aparkalekuak behin-behinekoz galduko dira

Karobi kalean egingo diren lanak bi hilabete irautea espero da eta garejeetako sarrera eta irteerak ahalbidetuko dira bitartean

Lanen antolaketa eta sarbideak 

Lehen eraispen eta lur mugimenduak osatu ondoren, datozen asteetan Ixabel Olano Parkea eraberritzeko lanek Karobi kaleko eremua hartuko dute. Gune honetan saneamenduko hoditeria ordezkatuko da, banakako jasotze sistema batetik bikoitzera pasatuz eta plataforma bakarreko asfaltaketa batekin errematatuko da bide-segurtasun eta oinezkoen irisgarritasun baldintzak hobetzeko.

Bi hilabete inguru iraungo duten lan hauek inpaktu zuzena izango dute erabilgarri geratuko diren azaleko aparkalekuetan. Urtarrilaren 10etik aurrera Ikasle-Zeharkaleko aparkalekuak erabilerarik gabe geratuko dira eta urtarrilaren 16tik aurrera Karobi kalekoak izango dira zerbitzuz kanpo geratuko direnak.

Dena den, Igartza Oleta 10eko lurpeko garajeetako sarrera erabilgarri mantenduko da momentu oro eta lokaletako zamalanak egin ahal izateko Karobi kaleko sarrera erabiliko da. Lanak bi fasetan garatuko dira, urtarrilean hasiko den lehen fasean Igartza Oleta 10eko aparkalekurako sarrera Florencio Axpetik egin beharko da.

Ingurumenarentzat hobekuntza

Esku-hartzea Oria ibaira egiten ziren zuzeneko isurketak ekiditeko baliatuko da, saneamendu sistema bikoitza ezarriz. Honi esker, euri-urak eta ur zikinak jasotze eta tratamendu desberdindak jasoko dituzte. Horrela, ur zikinak kolektoreruntz bideratuko dira eta ez zuzenean Oria ibaira, Legorretako araztegian tratamendu egokia jaso dezaten.

Plataforma bakarra eta bide segurtasuna

Behin ur eta zerbitzuen hoditeria lanak amaituta, asfalto inprimatu erako akaberarekin errematatuko da Karobi kale guztia, espaloiak eta errepidea maila berdinean jarriz oinezkoen irisgarritasun baldintzak hobetzeko. Gainera, akabera honek sortzen duen erliebeari esker ibilgailuen abiadura mugatuko da eta ezingo dute 20 km/orduko abiadura gainditu.