Astelehenean hasi eta bi astez luzatuko dira Xabier Anuntzibaik burutuko dituen pintaketa lanak eta izaera berri bat eman nahi zaio Udaletik espazio honi

Udala, Xabier Anunzibai tokiko artista eta Imanol Aizpurua zenaren gertukoak aritu dira elkarlanean omenaldi kutsua izango duen proiektuaren diseinua osatzen

Datorren astelehenean, Urriak 17, hasiera emango zaie Oriamendi kalea eta Urbialde plaza lotzen dituen igogailuaren txokoa berritsuratzeko egingo diren lanei. Arte urbanoan oinarrituko den lanak, plaza-txoko hau osatzen duten elementu desberdinak hartuko ditu, hala nola, igogailua bera, aldameneko orma, edota bertako hiri altzariak. Eskultura berri bat ere kokatuko da. Bi dimentsiotatik jauzi egin eta espazio honetako elementuak hartuko ditu Oriamendi kalearen izaera propioa indartzeko.

Esku-hartze hau Udalak herriko guneak birgaitu eta biziberritzeko estrategiaren barnean txertatzen da, hiri paisaia zainduz eta kasu honetan bezala, herriko artisten lana balioan jarriz. Hain zuzen ere, akupuntura urbanoaren filosofiaren ereduak dituen helburuak. 

Balio erantsidun identitatea

Oriamendi kalearen urbanizazio obrak orain dela hilabete batzuk amaitu ziren nabariak ziren zoladuraren gabeziak konpontzeko eta oraingoan, kalearen izaera eta paisaiari balio erantsi bat eskaini nahi dion proiektuari heldu dio Udalak Xabier Anunzibai tokiko artistaren eskutik.

Azken garaian pixkanaka desitsuratzen joan den gune honek topaleku izateko joera izaten ari da, izan ere, distantzi gutxira Alkartasuna Lizeoa, Beasaingo Ikastola eta Urbiberri gizarte zentrua kokatzen dira, adin desberdinetako herritarren topagune izan daitekeen txoko atsegin bat.

Imanol Aizpurua artista gogoan

Udalak gune hau eraberritzeko beharra dela eta begiz jota zuela, herritar talde baten eskaera zuen urte honen hasieran. Imanol Aizpurua beasaindar artista zenaren gertukoak Udalera jo zuten bere lagun eta senitartekoari omenaldi bat eskaintzeko gogoz. Hilabeteetako lanketaren ostean, elkarlanean garatutako proposamen bat osatu da non Oriamendi kaleko plazatxo honi izaera berri bat emango zaion bi helburuak uztartuz.

Xabier Anuntzibai artista eta Aizpuruaren kideak egingo duen ormako murala ez ezik, plaza-txoko honetan egingo den esku hartzeak plazako igogailua, argiteria, hiri-altzariak eta eskultura berri bat hartuko ditu, bi dimentsiotatik jauzi egin eta plaza osotasunean hartuz. Lanek hamabost eguneko aurreikuspena dute eguraldia lagun.

Aipatzekoa da lanen ondorioz urriaren 24ko astean ordu batzuz igogailua zerbitzuz kanpo geratuko dela. Egoera hau baieztatzen denean Udalak herritarrei jakinaraziko die.